Lantegiak 140 langile ditu, horietako asko emakumeak, eta termoplastikoak injektatzen dituzte, batez ere Volkswagen taldearentzat. Enpresa hitzarmenaren negoziaketan murgilduta, ELAk grebarako deia egin zuen eta gaur hamaikagarren eguna bete da.
ELAk enpresa hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du. "Enpresa hitzarmen bat negoziatzeko beharra, besteak beste, Kimikaren Estatuko Hitzarmena aplikatzeak sortzen duen prekarietatearen ondorio da. Estatuko hitzarmen horrek oso soldata txikiak ditu eta lanaldi luzeak. Azken eskaintzak apur bat hobetzen ditu baldintza horiek, baina ez aski batzordearen gehiengoaren babesa jasotzeko". Prozesu honetan enpresaren eta UGT sindikatuaren jarrera kritikatu du. "Gehiengo sindikalarekin akordio batera iristeko negoziazioekin jarraitu beharrean, enpresak grebarako eskubidea urratzen du, aldi baterako langileak kontratatuz, grebak sorrarazten duen kolpea arintzeko. Aldi berean, UGT sindikatuak oztopoak ipintzen jarraitzen du".
Hori dela eta, grebalariek mobilizazioak areagotzea erabaki dute euren egoera salatzeko. Horretarako, manifestazioa egin dute Zornotzan, eta datorren astean Nafarroako Volkswagen enpresaren aurrean biltzeko asmoa dute. Gainera, greba "gutxienez urte amaiera arte" luzatuko dela iragarri dute.
ELAk "positibotzat" jo du greba, eta enpresako zuzendaritzari dei egin dio "negoziazio prozesuari berriro ekiteko, enpresa-batzordeko ordezkari gehienekin, gatazka desblokeatu eta enpresa hitzarmena berritu ahal izateko, lan-taldeak merezi dituen lan baldintzekin".