Santiago Onaindia bekaren XVIII. edizioan Lourdes Iriondo ikertuko dute

Anboto 2023ko abe. 5a, 12:22

Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxagak jaso dute XVIII. beka; 'Lourdes Iriondo, bide-urratzaile proiektua'-gatik saritu dituzte. "Bere garaian eragin esanguratsua izan zuen arren, bere ondarea lanbro artean geratu da, gutxietsia nolabait. Arrakala historiko hori ixtea eta Lourdes Iriondoren garrantzia euskal historia garaikidearen aldi erabakigarri batean nabarmentzea da gure helburua", azaldu du Gurrutxagak. XVII. edizioko bekaduna izan zen Jon Mentxakatorrek, bestalde, 'Euskal ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa' aurkeztu du prentsaurreko berdinean.  

"Euskal ahozko mito-ipuinak aztertu ditut, eta lurpeko eremuarekin duten lotura azaldu dut. Mitoa jainkozkoaren edota traszendentziaren narraziotzat hartuz, ahozko ondaretik dimentsio mitikodun testuak batu eta aztertu ditut, horiekin antologia osatu eta bilduma horrekin azterketa egiteko", azaldu du galdakoztarrak. 

Santiago Onaindia Bekaren XVIII. edizioa izan da hau; bi urtean behin egiten da. "Onaindiak utzitako ondarearen eragina funtsezkoa izan da Zornotzarentzat euskal literaturaren esparruan leku nabarmen batean kokatzeko", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Jon Artabe Idazkaritza, Funtzio publiko, Gardentasun eta gobernu oneko zinegotzia eta Euskara, Berdintasun eta Arkalazeko koordinatzaileak eta Igone Etxeberria Labayru fundazioko presidenteak ere parte hartu dute prentsaurrekoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!