“Oso gustura sentitzen naiz idazten dudana idazten dudan moduan idazten”

Anboto 2023ko abe. 3a, 10:00

Oihane Amantegi idazleak (Zornotza, 1985) Florida iparraldera darama irakurlea Cayo Hueso eleberrian. Virgil musika kritikaria eta Maudey jazz abeslaria dira protagonistak, eta hauen enkontru eta urruntzeaz mintzo da istorioa; bere burua 'Kapitain zahar' lez izendatzen duen narratzatzaileak jasoko du kontakizuna. Joseba Sarrionandiak idatzi du hitzaurrea.

Zer da Cayo Hueso?
Leku bat da, benetan existitzen dena. Antilletan dago, Florida hegoaldean. Kontinentetik irteten diren isla segida bat da, Mexikoko golkorantza sartzen den orno antzeko segida bat, eta azken puntua da Cayo Hueso. Azken irla da. Geografikoki ez ezik, literarioki eta historikoki ere leku berezia da, abandontatuta legez dago ozeanoaren erdian; historikoki, Kubatik eta Ipar Ameriketarako bide horretan bertan amaitu dute hainbeste pertsonaiek, natiboek, espainolak, ingelesek... Literarioki ere berezia da idazle eta bohemio asko joan zelako bertara. Leku berezia da, bilatzen nuen atmosfera hori topatzen lagundu duena.

Koordenadak ez dira Ibaiertzeko ipuina-gaz dituen antzekotasun bakarrak.
Bien artean hari bat dago, hari fina, ia ikusten ez dena, baina egon badago. Ezin da irakurri nobelaren bigarren zati lez, ez delako bigarren zati bat, eta elementurik ere ez dagoelako hori horrela ulertzeko, baina batetik bestera modu naturalean bidaiatzen da. Kontatu nuen horretan ere egin daiteke lotura. Idazle beraren luma dago atzean, eta, beraz, atmosferak sortzerakoan idazlearen eskua igarri daiteke, hor dago. Bestalde, bigarren zatia izan ez arren, bidaia baten bigarren kapitulua izan daiteke. Antzeko inguruetan sortu ziren ideia biak, eta liburuak oso desberdinak izan arren, antzeko atmosferak batu ditzake.

Lehenengo liburuan heriotza izan zen gai zentrala, eta honetan maitasuna eta desioa dira. Baikorragoa da?
Ibaiertzeko ipuina-n heriotza zen gai zentrala, dolua zehatzago esanda, baina orain, denboraren perspektibagaz ikusita, askoz ere maitasun gehiago ikusten dut liburu hartan Cayo Hueso-n baino. Baita argi gehiago ere, nahiz eta gaia gogorragoa den; izan ere, bazeuden elementuak dolu hori gozatzen zutenak. Kontrara, honetan gai zentrala maitasuna da; desira edo obsesioa, hobeto esanda; eta nostalgia. Garratzetik gehiago du Cayo Hueso-k, edo horrela iruditzen zait niri.

Liburu bietan estilo propioa igartzen da. Gustura sentitzen zara idazten?
Oso gustura sentitzen naiz idazten dudana idazten dudan moduan idazten. Ez dakit horrek zer esan gura duen, baina ni ahots horretan oso gustura nago, oso emankor eta oso libre emaitzagaz. Eta hori bedeinkazio bat da zentzu batean, hain gustura topatzea norberaren koordenadetan. Geroago eta gehiagora joango dela suposatzen dut gainera, ahots edo estilo horren barruan gehiago esperimentatu dezakedalako.

Ibaiertzeko ipuina lanak harrera ona izan zuen. Igarri duzu presiorik Cayo Hueso idazterakoan?
Aurrekoa atera nuenean, Cayo Hueso hasita nuen, zati batzuk nahiko aurreratuta nituen gainera, eta, beraz, ez dut igarri presiorik. Ez nintzen zerotik hasi, ordurako nahiko osatuta neukan-eta liburuko unibertsoa. Oso libre ibili naiz, eta hala izan behar duela uste dut.

Joseba Sarrionandiak idatzi du hitzaurrea
Bai. Edizio prozesuaren parte izan da, nik ez dut ia eskurik hartu hor. Xabier Mendiguren editoreagaz berba egin beharko zenuke. Berak proposatu zion eta Josebak baiezkoa eman zion.

Musikak presentzia nabarmena du liburu bietan.
Bai, bietan du protagonismoa, niri asko laguntzen didalako sortzerakoan. Idazterako orduan, iturri askotatik edaten dut, baita musikatik ere. Musikak erreminta ugari du gauzak ateratzeko, eta asko ematen dit, esangura asko duen artea da niretzat, eta asko edaten dut hortik. Beraz, musikari gustura egin diot omenaldi hori. Musika asko entzuten dut, eta gero hori testura pasatzea ere oso polita da. Hala ere, bigarren honetan normala da musikaren presentzia hori igartzea; azken finean, protagonistak musikariak dira eta eurentzat apropos sortu nuen unibertso guztia. Aurrekoan ere hor zegoen musika, baina beste modu batera, abestiak testuan txertatuta.

Bazabiltza idazten?
Ni beti nabil irakurtzen, eta idazten ere bai. Eta gero, magma moduko bat dagoenean, forma ematen diot. Nire kasuan, fase bat dut, obserbazioarena, eta esango nuke hor nagoela orain. Idatzi ere sarri idazten dut; bestela, eskua trakestu egiten da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!