Zornotzako emakumeek egindako lana aldarrikatu dute '11 emakume, 11 istorio' dokumentalaren estreinaldian

Anboto 2023ko aza. 25a, 21:57

Emakumeen testigantzen bidez, herriko azken hamarkadetan gertatutako aurrerapausoak berbagai izan dituzte.

Emakumeen testigantzen bidez azken hamarkadetan Zornotzak izan duen garapena islatzen du 11 emakume 11 istorio dokumentalak. Gaur arratsaldean Zornotza Aretoan estreinatu duten ikus-entzunezkoak hainbat gai lantzen ditu, beti ere emakumeen ikuspuntutik. Proiekzioaren ondoren mahai-ingurua egin dute. Herriaren bilakaeraz gainera, emakumeen eskubideen defentsan emandako aurrerapausoak bereziki aintzat hartu dituzte. Dokumentaleko parte hartzaileek gogoratu dutenez, beraiek gazteak zirenean, emakumek ezin zuten taberna batera bakarrik joan "txarto ikusita" zegoelako. Bidaian ere senarrarekin baino ez. Behin umeak izanda, emakumeen papera "zaintzara bideratuta" zegoela gogoratu dute, lan mundutik irtenda. Egoera horiek guztiak aldatzeko Zornotzako emakumeen borroka azaltzen dute ikus-entzunezkoan. Parekidetasunaren bidean aurreko belaunaldiek izan duten adorea gazteagoei transmititzea da dokumentalaren ekarpena. Zornotzako Udalak herriko emakumeen lana ezagutarazteko urte hasieran martxan jarritako ekitaldi sortaren azken ekitaldia izan da hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!