Zornotzako gobernu taldeak datozen lau urteei begirako Aginte Plana aurkeztu du. EAJk eta PSE-EEk babesturiko planak "Zornotza garatzen jarraitzea" du helburu, udalerriak "bizitzeko lekurik onena izaten segi dezan". Aukera berdintasuna, ingurumena, kulturaren sustapena eta garapen sozioekonomikoa dira testuaren "funtsezko zutabeak". Ainhoa Salterainek herritarren "bizi kalitatea hobetzen" jarraitzeko konpromisoa hartu du. Era berean, alkateak adierazi du Aginte Plana azaltzeko liburuxka etxerik etxe banatuko dutela, eta dokumentua irakurtzeko gonbitea egin die herritarrei, "testu irekia" delako, eta "herritarren ekarpenak funtsezkoak" direlako.
PSE-EEko zinegotzi Alicia Hernandezek azpimarratu du alderdi bien artean egon daitezkeen "desadostasunak gorabehera", "ikuspegi komun bat" partekatu dutela Zornotzaren etorkizunerako. "Herritarrek berebiziko garrantzia izango dute plan honen inplementazoan. Espero dugu dokumentu hau tresna eraginkorra izatea tokiko gobernuaren eta zornotzar guztien arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzeko", esan du Hernandezek.
Kultura eta nortasuna indartzeko asmoa
Jon Artabe zinegotziak agintaldi honi begirako hainbat asmoren berri eman du. Enplegu plana, tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzea eta Enpresen Foro bat sortuko dituztela aurreratu du. Horrez gainera, herritarren segurtasunari begorako plana eta mugikortasun iraunkorra aktiboki bultzatuko dituztela ere nabarmendu du. Kulturan eta euskaran ere, badago zer esan. Euskara Zornotzako esparru guztietara zabaltzea eta aniztasun kulturala, aberastasun intelektuala eta adierazpen artistikoa zabaltzea ipini du helburu modura. Ongizateari dagokionez, Osasun Plan Integral bat sortzeko lanean dabiltzala esan dute agintariek.