Zornotzako gazte talde batek agerraldia egin du eguerdi honetan, udal plazan, azaroaren 30erako antolatuta dagoen greba feminista orokorragaz bat egin duela adierazteko. Azaldu dutenez, egungo zaintza ereduak "parez pare jotzen du bizitzaren beraren jasangarritasunarekin". Zaintzaren antolaketa "kapitalismoaren eta patriarkatuaren" eskuetan dagoela, eta horrek errotiko "eraldaketa feminista eta sozialista" behar duela adierazi dute. Alde horretatik, "denon onurarako" eta "denon etorkizunari" begirakoa izango den "zaintza sistema publiko eta komunitarioa" aldarrikatu dute, "emakumeen lan indarra" baliatuta "gutxi batzuen poltsikoak betetzen" ibili barik.
"Sistema honen menpeko zaintza ereduarekin jarraituz gero, gure belaunaldiak zaintza krisiaren adierazpenik gordinena biziko du", azaldu dute adierazpenean. "Gizarte zaharrago baterantz trantsizioa egiten ari gara, horregatik zaintza eredua aldatu ezean, zaintza behar gehiagori bitarteko gutxiagorekin aurre egin beharko dion belaunaldia izango da gurea. Ezin izango dugu guztion zaintza bermatu", esan dute.