Amorebietak Levanteren kontra jokatuko du Errege Kopako kanporaketa

Anboto 2023ko aza. 15a, 15:26

Etxetik kanpora jokatuko du partidua.

Errege Kopako bigarren kanporaketako zozketa egin dute gaur. Amorebietari Levanteren kontra jokatzea egokitu zaio. Partidu bakarrean erabakiko zein talde sailkatzen den hurrengo fasera. Zornotzarrek ez dute zorterik izan eta partidu hori etxetik kanpora jokatzea egokitu zaie. Abenduaren 5 eta 7 artean jokatuko da, Ciudad de Valencia zelaian.

Talde biak maila berean dabiltzanez, Bigarren Mailan, bolatxoak irten diren ordenak erabaki du etxean zein taldek jokatuko duen. Kasu honetan Levanteren bolatxoa irten da lehenengo. Kuriositate moduan, Levanteren bolatxo hori Xabi Etxeitak atera du, gaur egun Amorebietan dabilen jokalari zornotzarrak. Amorebietaren bolatxoa, berriz, Donato Gama Da Silva futbol jokalari ohiak atera du.

Talde biak Bigarren Mailan dabiltza, baina ez daude egoera berdinean. Amorebieta ez jaisteko borrokan sartuta dabilen bitartean, Levante goiko postuetan dabil, zazpigarren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!