Lorena Peña politikari salvadortarrak berbaldia eskainiko du arratsalde honetan, Zornotzan, Mundubat elkartearen eta udalaren eskutik. Peñak berak berbaldiari buruzko gako batzuk aurreratu ditu Zornotzako udaletxean egindako prentsaurrekoan. "Egoera oso kritikoa bizi dugu El Salvadorren. Inboluzio erraldoi, atzerapauso handi bat. 1970eko hamarkadan bizi izandako diktadura militarra atzean utzi genuen, baina orain, Nayib Bukele presidentea boterean denetik, 1970eko garai hartara bueltatzen gabiltzala esan daiteke", azaldu du. Politikari salvadortarrak azaldu duenez, Giza Eskubideak defendatzen dituzten politikariak, elkarteak, ezkerreko ideologia duten mugimenduak gobernuaren jo puntuan daude. "Militarizazio berri bat bizi dugu, eta baita aberastasuna esku guxi batzuetan batzeko aro berri bat ere", zehaztu du.
Hirietako aldirietan edo landa eremuan bizi direnen herritarren kontrako jarrerak gogortu egin direla ere azaldu du: "Ustezko pandilleroak direla argudiatuta, gobernnuak delituak egozten dizkie inguru horietan bizi diren 15-40 urteko herritarrei. Uneotan 72.000 preso daude salbuespen egoeran. Ez dute lege babesik, eta beraz, desagertu modukoak ditugu kartzeletan. Egoera larria da. Presentzia militar handia dugu. Armadak abusuak gauzatzen ditu, umeak bortxatzen ditu, ustezko delitugileak direla edo izango direla argudiatuta", azaldu du Peñak. Eta gaineratu du: "Militarrei eta politikariei beharrezkoa dena baino botere gehiago ematen zaienean horrelako egoerak sortzen dira".
Politikari salvadortarrak Nayib Bukele presidentearen kontra egin du berba. Bere esanetan, Bukelek "ondo ordaindutako publizitateari eskerrak" babestu eta goraipatu du bere irudia. "Baina boteretik kendu ditu justizia arduradunak, fiskaltza, prokuradorea. Eta berak ipini ditu postu horiei begirako arduradun berriak. Elkarte sozialak jazarriak izaten ari dira, emakumeen eskubideak babesteko Melida elkartea, adibidez", gaineratu du. Lorena Peñak, bera ere ataka zail baten atarian dagoela aurreratu du. "Probak aztertu barik" bere kontrako epaiketa bi dituela azaldu du: "Baliteke urtarrilean kondenak jasotzea".
Zornotzako Udalak, Mundubat elkarteak eta Lorena Peñak beharrezkotzat jo dute El Salvadorren gertatzen ari diren Giza Eskubideen urraketak salatu eta nazioartean entzunaraztea. Horretarako, berbaldira joatera gonbidatu dituzte zornotzarrak. Berbaldia Zelaieta zentroko aretoan izango da, arratsalde honetako 15:30etan.
Zornotzako Udal ordezkariek harrera egin diote gaur Lorena Peña politikariari, Mundubat elkarteko kideekin batera.