"Egunero lau bat ordu ematen ditut akrobaziak egiten"

Aitziber Basauri 2023ko aza. 12a, 11:00

Parkourrak, eta akrobaziek batez ere, pasioa sortzen diote Sergi Sarmientori (Zornotza, 2005). Orain zazpi urte murgildu zen kirol honetan, eta gaur egun ezinbestekoa du bere bizitzan. Probatzera animatu gura du jendea, eta prest dago erakusteko (@serflips).

Noiz eta zelan hasi zinen parkourra praktikatzen?
DBHn izan nuen lehenengo hartu-emana parkourragaz, gorputz hezkuntza saioetan. Orduan ezagutu nuen baita Madrilgo What Parkour taldea ere, eta haien bideoak ikusiz neure kabuz praktikatzen hasi nintzen. Akrobaziekin aurretik hasi nintzen. 10 urte betetzean amamak oparituriko ohe elastikoan hasi nintzen lehenengo akrobaziak egiten.

Diziplina desberdin bi dira.
Akrobaziak estilo librean aritzeko dira, batez ere. Bakoitzak gura duena adierazi dezake. Parkourrean, ostera, estilo librea erabili daitekeen arren, helburua bat da: puntu batetik bestera heltzea, bidean dauden trabak modurik errazenean eta efizienteenean saihestuz. Adibidez, horma baten gainetik salto egitea, 'Katua' edo 'Hesipasa' eginez. 

Biak uztartzen dituzu.
Gurago ditut akrobaziak, igual hobeto moldatzen naizelako. Parkourra ere egiten dut, baina entrenamendu ordurik gehienak akrobaziak egiteko erabiltzen ditut. Egunero lau bat ordu ematen ditut horretan.

Iaz, 17 urtetik beherakoen mailan Espainiako Parkour Txapelduna izan zinen. Eta, aurten, maila absolutuan ahalegindu zara. Zelan joan da?
19. postua lortu nuen eta ez nintzen sailkatu. Baina oso esperientzia ona izan da, asko entrenatu nintzen eta pozik nago lorturikoagaz.

Zein da orain erronka?
Honetaz bizi gura nuke. Hori dut epe luzerako erronka. Batxillergoa amaitzean, Bartzelonara joango naiz zinema-espezialista edo aktoreen arrisku-ordezko izateko ikasketak egitera. Aktoreek egiten ez dituzten jauziak, borroka eszenak edo eszena arriskutsuak egiteko trebatuko naiz. Eta txapelketekin jarraituko dut, jakina!

Edonork egin ditzake parkourra eta akrobaziak? Zer behar da?
Fisikoki ondo egotea garrantzitsua da. Baina motrizitate ona duen edonork egin dezake. Gogoa eta parkour mugimenduak egiteko sormena behar dira. Edozein kiroletan lez, luzapenak ere garrantzitsuak dira. Akrobazien kasuan, arrisku-salto oinarrizkoekin hastea gomendatzen dut. Horiek menperatuta, aldaerekin hasi gaitezke.

Jausteko beldurra kendu beharko da, ezta? Izan duzu sustorik? 
Beldurra kentzea garrantzitsua da, bai. Akrobazietan, jausteko moduak praktikatzen ditugu, mina saihesteko edo gutxitzeko. Kirol arrikutsua da, baina menperatuz gero arriskua gutxitu egin daiteke. Behin, atzerako arrisku-salto bikoitza praktikatzen ari nitzela, ez nituen buelta biak osorik egin eta lepoz jausi nintzen.  

Baduzu erreferenterik?
Asko izan ditut. Dena dela, neure burua ikusita, egin dudan bidea, konturatu naiz hobetu egin dudala, aurrera egin dudala. Horrek animatzen nau jarraitzera. Gorputzak gehiago ezin arte jarraituko dut. 

Lortu gura duzun jauzi hori?
Lurrean nagoela arrisku-salto bikoitza egitea atzeraka, eta zutik jaustea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!