Zornotzak Binakako Txapelketa Nagusiko lau jaialdi hartuko ditu abenduan hasi eta otsailera bitarteko lau barikutan. Pilota Pro Fest izeneko jaialdiak abenduaren 1ean, urtarrilaren 5ean, otsailaren 2an eta otsailaren 23an izango dira, 22:15ean. Gaur egun egiten den moduan, jaialdiak musikaz girotuko dituzte, jokoak antolatuko dituzte eta kirol materiala zozkatuko dute.
"Horrelako ekitaldiak funtsezkoak dira euskal pilotaren sena herritarren artean eta gure kulturan bizirik mantentzeko", adierazi du Ainhoa Salterain alkateak gaur, jaialdien aurkezpenean. Jaialdi bakoitzean partidu bi jokatuko dira. Bigarren partiduak Promozio Mailako txapelketakoak izango dira. "Jaialdi guztietan ez bada, gehienetan Aimar Morgaetxebarria bertan egongo da", esan du Baiko enpresako Unai Iglesiasek jaialdiak aurkezteko ekitaldian. Pilotari zornotzarrak Promozio Mailako txapelketa jokatu zuen iaz, bere ibilbidean lehenengoz, eta txapelketa nagusiko partidu batean ere aritu zen, Mariezkurrena ordezkatuta.
Sarrerak eskuragarri
Sarrerak gaur jarriko dituzte eskuragarri entradasfronton.com web orrialdean. Zornotzako Urtza Tabernan eta Venecia Kafetegian ere erosi daitezke. Jaialdi baterako sarreren prezioa honako hau da: 20 euro goian —iaz baino merkeago— eta 25-27 euro artean kantxan. Lau jaialdietarako bonua 90 euro da. Umeentzako prezio berezia dago: 35 euro lau jaialdietarako. Abenduaren 1ean, barikuan, txarteldegia zabalik egongo da Zornotzako Zelaieta Zentroan, 20:00etan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!