"Oso polita izaten ari den erronka da niretzat 'Ztanda' lehiaketa"

Anboto 2023ko urr. 29a, 10:30

Jon Castañeda 'Jonkass' (Zornotza, 2001) lagun batek proposatuta animatu zen 'Ztanda' talent show-an parte hartzera. Zornotzarra Bilboko Eliseo Zelaiak antzokiko oholtzara igoko da, beste hamabi lehiakidegaz batera, esperientzia bizi eta dena emateko prest. Kazetaritza ikasi du eta Akerbeltz erromeria taldeko abeslaria da.

Zein helburugaz zoaz 'Ztanda' programara? 
Esperientzia bizitzera, ikastera, eta ondo pasatzera ere bai, jakina. Telebistaren mundua ikusteko gogoa nuen eta asko ikasten nabil: zelakoa den, zelan jokatu kameren aurrean... Ohituta nago oholtzara igotzera, baina ez da berdina jendeari begiratzea edo telebista kamerari. Telebistan oso azkar doa dena, eta lan mordoa egiten dugu, asko zainduriko lana. Oso polita izaten ari den erronka da niretzat. Ondo zainduriko apustua da Ztanda, apustu sendoa. Ahal dudan urrunen heltzea dut helburu, baina lehiakideen maila handi-handia da. Lehiakideak oso desberdinak gara, bakoitza bere indarguneekin.

Irratian baduzu esperientzia, baina kamerek errespetua ematen dizute?
Ez, beti gustatu zait. Telebistan lan egindakoa naiz, kameren atzealdean, baina aurrean ipintzea probatu gura nuen. Oso gustura nabil. Bilboko Eliseo Zelaiak antzokian guztiz harrapatzen zaituen halako atmosfera sortzen da. Barru-barruraino sartzen zaitu jokoan, lehiaketan. Baina emozioak kontrolatzen eta egoera kudeatzen ere ikasten duzu. Izan ere, askotan ahaztu egiten dugu telebista saio batean gaudela. Dena show handi bat bihurtzen da.

Reggaetoia, musika elektronikoa edo trap-a modan dauden garaiotan, erromeria giroak erakartzen du jendea?
Bai! Akerbeltz taldeak 15 urte egin ditu eta hori guzti hori ere sartu dugu gure errepertorioan. Neurriz, erromeriaren esentzia galdu barik. Arrakasta itzela izan duten kanta euskaldunak daude, doinu elektronikodunak edo reggaetoi kutsua dutenak. Eta ezin dugu beste aldera begiratu, ez genuke  jendeagaz konektatuko. Hasieran jendearen harridura igarri genuen, baina gero abesti horiek eskatu dizkigute. Orain hiru urte pentsaezinak ziren abestiak jotzen ditugu orain erromerietan, eta pozgarria da, aniztasuna ona da beti. Erromeriak oso momentu onean daudela esango nuke; ezinbestekoak dira oraindino ere. Jendeak asko zaintzen gaitu.

Trikitia, txistua, gitarra, dultzaina, baxua, panderoa eta danbolina jotzen dituzu. Zein leku du musikak zure bizitzan?
Folkloriko bat naiz! Egunerokoan leku itzela hartzen du musikak nire bizitzan, eta orain oraindino gehiago. Musikatik bizitzea gura nuke, baina gatxa da; erromerietatik ezin da bizi, oraingoz.

DJ lez ere aritzen zara. Abesti bat?
Corazón de tango. Doctor Deseo dut talderik gogokoena. 

Kazetaria, abeslaria, musika jartzailea... saltsa guztien perrexila zara?
Apur bat bai. Ez dakit ezetz esaten, eta ez zait gustatzen gainera. Ni konbentzitzea oso erraza da, eta egin gura ditudan gauza guztiak egiteko, ordu gehiago behar dut. Nire egunerokoa zoramena da!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!