Zelan zaude?
Ondo, zeozer esatearren. Palestinan hemen baino hobeto egongo nintzateke, nahiz eta han arriskuan egon. Hemen kezkatuta nago une oro. Gertatzen dabilenari begira, albisteak etengabe irakurtzen, larrituta. Han, ostera, familiaren eta lagunen ondoan egongo nintzateke. Zeozer gertatuko balitz, laguntzen egongo nintzateke. Gero, hemen egoteak badu beste alderdi estresagarri bat. Jende asko dabil ezelako informaziorik barik gertatzen dabilenari buruzko iritzia ematen.
Iritzi publikoagandik jasotzen dituzun erreakzioetan zerk ematen dizu atentzioa?
Jendeak komunikabideek diotena erreproduzitzen du, baina inork ere ez du lanik hartzen hau guzti hau zergaitik gertatzen dabilen jakiteko. Hau guzti hau ez da atzo goizean hasi, orain dela 78 urte baino. Jende askok baietz dio, Palestina lurralde okupatua dela. Baina, aldi berean, gure lurretan egoteko eskubidea aitortzen diete israeldarrei. Hori diotenei honako hau galdetzen diet: Zelan erantzungo zenigukete gu zuen etxeetan bizitzen eta zuen etxeen jabe egiten hasiko bagina? Nazioarteko legediak oso argi dio okupazio baten pean dauden herrialdeek erresistentziarako eskubidea dutela.
"Jende askok baietz dio, Palestina lurralde okupatua dela. Baina, aldi berean, gure lurretan egoteko eskubidea aitortzen diete israeldarrei"
Zelan azalduko zenuke gaur egungo testuingurua?
2023 hau urterik gogorrena izan da palestinarrontzat. Urtarriletik irailerako tartean, Israelgo armadak eta kolonoek gura izan duten dena egin dute gure kontra. Etxeetan sartu, lapurretan egin, etxeei su eman jendea barruan dela, emakumeak bortxatu... Adibide bat ipiniko dizut. Orain olibak batzeko sasoia da Palestinan. Urtero-urtero, kolonoak olibondoetara joaten dira lanean dabiltzanak oztopatzera edo olibondoei su ematera. Egoera horren aurrean harri bat jaurtitzea erabakitzen baduzu, armarik ez duzulako hain zuzen ere, kolonoek tiro bat bueltatzeko arriskua izango duzu. Eta, horren ondoren, armadako soldaduak etorriko zaizkizu atzetik. Horixe da gaur egungo testuingurua Palestinan.
Urriaren 7ko erasoaldian, Hamasek zibilak zein militarrak hil zituen. Bahituriko herritarrak ere badira.
Israelgo biztanle guztiak zerbitzu militarra egitera behartuta daude. Judu ortodoxoak baino ez daude neurri horretatik salbuetsita. Lau urteko soldadu lanak dira, 16 urteko adinagaz hasi eta 20 urtegaz amaitzen direnak. Hortik aurrera, israeldarrak armadako erreserbetan egotera igarotzen dira. Beraz, zibilei buruz dabiltzanean zeri buruz ari dira? Zerbitzu militarreko hirugarren eta laugarren urteak Gazan edo Zisjordanian ematen dituzte entrenamendu modukoak egiten. Zeozelan esatearrean, gugaz egiten dute azterketa praktikoa. Nik ez ditut zibil legez ikusten. Denak izan dira-eta soldadu. Denek jazarri, kolpatu edo tirokatu dituzte palestinarrak bizitzako uneren batean. Bestalde, aipatu beharra dago beste errealitate bat ere badagoela. Soldadu izaniko askok traumak dituzte, ezinegona dute. Errealitate hori ere badago. Gutxi dira, baina humanitate apur bat dutenak ere badaude.
"Soldadu izaniko askok traumak dituzte. Errealitate hori ere badago. Gutxi dira, baina humanitate apur bat dutenak ere badaude"
Baduzu herri palestinarraren ahotsa isilarazia izaten ari den sentipenik?
Bai. Israelek milioika dolar ematen dizkie komunikabideei eta sare sozialetako enpresei Gazan gertatzen dabilena bere interesen arabera zabaltzeko. Nik, adibidez, Instagram kontua daukat, eta Palestinari buruzkoak lau haizeetara zabaldu ditudanetik, kontua blokeatuta daukat. Hedabideetan ere ikusten da isilarazte hori. Al Jazeera da arabiarren munduko hedabiderik handiena. Ahobizarrik barik berba egiten dute, filtrorik barik. Bada, orain egun batzuk, Israelek eskari bat erregistratu zuen Al Jazeera Palestinatik kanporatzeko. Denboragaz ikasi dut hedabideek askatasunari buruz zabaltzen duten irudia ez dela existitzen. Askatasuna interesen eta boterearen araberakoa da, bai Palestinan, bai mundu osoan.
Palestinan jaio zinen, Zisjordaniako Hebron hirian. Familia eta lagunak han dituzu?
Bai, familia eta lagunak, denak ditut han. Nire bizimodua berria da Zornotzan, baina zaharra Palestinan dut. Nire bizitzaren %80 han dago. Hemen, herritar baten bizimodua beharrera joatea da, ikastea, unibertsitatera joatea, eguna aprobetxatzea, zaletasunekin gozatzea, lagunekin geratzea. Zein beldur sentitu dezakezu hemen? Beharrean gorabeheraren bat izatea, akaso? Beharbada horrelako zeozer. Baina han, palestinar batek honako hau diotso bere buruari, goizero esnatzen denean: “Ea gaurko hau ez den nire bizitzako azken eguna”. Egunean zehar bizitzera mugatzen zara. Munduko beste edozein lekutan baino aukera gehiago duzu hiltzeko. Gaixotasunak eta istripuak hemen zein han izan ditzakezu. Baina han soldaduak dituzu aurrean, tiroketak, bonbak...
"Palestinar batek honako hau diotso bere buruari, goizero esnatzen denean: “Ea gaurko hau ez den nire bizitzako azken eguna”"
Baduzu familiaren eta lagunen berririk?
Sare sozialen bidezko hartu-emana dut haiekin. Mezuak bidali eta bideo-deiak egiten ditugu. Lagun batzuekin, adibidez, futbolari buruz berba egiteko Facebook talde bat erabiltzen dut. Horretarako baino ez daukagu orrialde hori, futbolari buruz berba egiteko. Ez dugu politikaz jarduten. Eta hara, talde horren barruan Zisjordaniako eta Gazako lagunak ditut. Euretariko bi Tamer eta Basel dira, Gazakoak, Real Madril taldearen jarraitzaile sutsuak biak. Noizbait Santiago Bernabeu estadioa bisitatzeagaz amets egiten dute. Bada, asteon jakin dut Tamer eta bere familia eta Basel eta bere familia hil egin dituztela. Denak hil dira. Bien emazteak, seme-alabak, lehengusu-lehengusinak. Pena itzela sentitzen dut. Eta argi esango dizut: mundu honek pena ematen dit. Hau kakazahar handi bat baino ez da.
Ohitu daiteke biolentzia egoera batean bizitzera?
Zisjordaniatik Jordaniara igarotzen zarenean, konturatzen zara zure biziak ez duela ezertxo ere balio. Bizitza osoan sentitu dituzun beldurra eta jazarpena muga bat gurutzatzean amaitzen direla ikusten duzu. Han ez baitago zuri egunero beldurra ematen dizun munstrorik, ez ur mozketarik, ez argindar mozketarik. Aireportua dago, bizitza dago. Ni intifada betean jaio nintzen. Egunero ikusten duzu baten bat hiltzen dela, zauritzen dela, atxilotzen dutela. Tristezia horrek eragiten dizu, baina denboragaz ikusten duzu gure bizitzaren legea biolentzia horregaz bizitzea dela.
"Indarkeria horrek tristezia eragiten dizu, baina denboragaz ikusten duzu gure bizitzaren legea biolentzia horregaz bizitzea dela"
Laguntza humanitarioa blokeatzea, elektrizitatea eta ura moztea,... horiek ohiko egoerak bihurtu dira Gazan.
Oso egoera larria da. Gazako herritarrak ur bila dabiltza, ahal duten lekuetan. Ez dago elektrizitaterik, eta munduagaz konektatu ahal izateko, autoetako bateriak erabilita kargatzen dituzte telefono mugikorrak. Botikak, osasun azpiegiturak, odol transfusioak... behar-beharrezkoak ditugu. Egiptok ez du Rafah hiriko muga zabaldu gura; hori egiten badu, Israelek kamioi humanitarioak tirokatuko dituelako. Egiptok Israelen baimena bilatu gura du muga zabaltzeko.
Israelek dio bere helburua Hamas amaitzea dela. Helburua ez dela Palestina. Ados zaude?
Ez. Gertatzen dabilenari begiratzen badiogu, eraso egindako eraikinak zibilenak dira.Hildakoen %65 umeak eta emakumeak dira. 50 familia oso-osorik ezabatu dituzte Palestinako erregistro zibiletik. Umeak, gurasoak, aitita-amamak, bilobak... Den-denak hil dira 50 familia horietan. Ospital bati eraso egin diote eta 500 bat palestinar hil dituzte.
"Gazan ez dago elektrizitaterik orain. Munduagaz konektatu ahal izateko, autoetako bateriak erabilita kargatzen dituzte telefonoak"
Zelakoa iruditzen zaizu Mendebaldeko estatuen eta nazioartearen erreakzioa?
Mendebaldeko herrialdeek Israeli armarik sofistikatuenak, itsasontziak eta dirua bidalita erreakzionatu dute. Ikusten dugun laguntza bakarra Israeldarrentzakoa da. Eta ez bakarrik armei dagokienez. Beharbada soldaduak ere bidaliko dituztela adierazi dute. Gerra dela diote, baina noren kontrakoa? Zibilen kontrako gerra da. Hildakoak zibilak dira.
Gerra erlijiosoa eta politikoa daude nahasita? Zein irakurketa egiten duzu?
Hau ez da gerra erlijioso bat, hedabide batzuek hala aurkezten badute ere. Hau auzi politiko bat da, bere osotasunean. Palestinan ere badira juduak, han bizi dira. Eta Ameriketako Estatu Batuetako askok ere ahotsa goratu dute. Gogorarazi dute Tora liburuak, judaismoaren liburu sakratuak, juduek aberririk ez dutela eta izango ez dutela jasotzen duela. Mundu osoan zehar bizi behar dutela jasotzen du liburuak. Beraz, hemen daukaguna sionismoa da. Judu talde batek honako hau egitea erabaki du. Sionista guztiak juduak dira, baina judu guztiak ez dira sionistak. Kontzeptu hau inportantea da, hor ikusten delako auzia ez dela erlijiosoa, politikoa baino. 70 urte baino gehiago irauten dabilen okupazioa da, itsuturiko mundu baten aurrean gertatzen dabilena.
"Sionista guztiak juduak dira, baina judu guztiak ez dira sionistak. Hor ikusten da auzia ez dela erlijiosoa, politikoa baino"
Zein irtenbide gura duzu gerrarentzat eta Palestinarentzat?
Ez dut sufrimendurik eta injustiziarik inon ikusi gura. Ez dut inor hiltzen ikusi gura. Baina gerra hau amaitzearen arriskua urte batzuk barru beste gerra bat hastea da. Horrenbestez, hasierako egoerara bueltatzea gura dut. Palestina osoa geurea izatea gura dut, ez Gaza eta Zisjordania bakarrik, lur osoa baino. Gobernu bat izatea gura dut, estatu bat izatea, herrialde hori guk geuk gobernatzea. Gero gure herrialdera bizitzera etorri gura duzuela? Ba, ederto, baina estatua geurea da. Munduan boterea dutenek badute horretarako aukera. Israel desegitea, bertako herritarrei eskubideak bueltatzea, eta lur zati horri Palestina izena ematea.