Zornotzako Bandak artea eta denbora batzen dituen 'Bitartean artea tartea' aurkeztu du

Anboto 2023ko urr. 19a, 12:21

Ainhoa Salterain, Aritz Labrador eta Koldo Bilbao.

Zornotzako Musika Bandak 'Bitartean artea tarteko' denboraldi berria aurkeztu du asteon.

Herriko jaietan, Santa Zezilia zaindariaren egunean eta inauterietan ematen dituen kontzertuez gainera, denboraldi honetan beste bost emanaldi berezi egingo ditu; arteak eta denborak bat egingo dute denboraldi osoan zehar. Lehenengo kontzertua zapatu honetan bertan izango da, Euskal Jaiaren barruan. Iparragirre: 200 urte tarteko izenburupean, Gontzal Mendibilek eta Zornotzako Abesbatzak lagunduko diote Musika Bandari. "Artea espazioa eta debora ulertzeko baliagarria dela erakutsi gura dugu, bai banda legez emango ditugun kontzertuetan, baita gonbidatu bereziekin ere: mendeurrenak, omenaldiak, eta herritarren kolaborazioak bezalako gaiak jorratuko ditugu", azaldu du Aritz Labrador Zornotzako Musika Bandako zuzendariak. Kontzertua 22:00etan hasiko da. Bigarren kontzertua abenduan izango da, Bitartean folk taldeagaz; hirugarrena udaberrian izango da, Luis González Garrido saxofonistaren laguntzagaz; laugarrenean rockera hurbilduko da banda, Eztandap taldeagaz; amaitzeko, Zornotzako jaietan Bilboko Koral elkarteagaz eta Abes Kimu koralagaz batera arituko da. 

Ainhoa Salterain alkateak bandaren eta Labradorren lana azpimarratu ditu aurkezpenean: "Zornotzan inork ere ez du zalantzan ipintzen bere ibilbidea, eta ezta aurretik duten etorkizun oparoa ere".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!