Zornotzako Krosak 69. aldia egingo du domeka goizean, Jauregibarriako landetan. Hirugarren urtez jarraian urrezko zigiluari eusten dio, nazioarteko izendapen gorenari. Aurtengo berrikuntza nagusia da emakumeek egin beharreko distantzia gizonenera parekatu dutela maila guztietan. Esaterako, maila nagusiko distantzia 8.700 metro izango da korrikalari denentzat. Pistan urte asko dira distantziak parekatu zituztenetik, baina krosean prozesua azken urteetan ari da ematen. Munduko kros txapelketan edizio batzuk daramatzate distantzia berarekin. Europako federazioa bakarrik falta zen pausoa emateko eta aurten emango dute. Abenduan Bruselan (Belgika) egingo den txapelketan distantziak berdinduko dituzte lehenengoz eta, horren ondorioz, urrats bera ematen ari dira Europako federazioko egutegian dauden kros guztiak; tartean, Zornotzakoa.
Faboritoak
Emakumeetan Lucy Mawia keniarra eta Likina Amebaw etiopiarra dira faborito nagusiak; munduko cross-country tourreko txapelduna eta 2022ko kluben arteko Europako txapelketako txapelduna, hurrenez hurren. Atleta euskaldunen artean bi nabarmendu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, F.C.Barcelona klubean dabilen June Arbeo durangarra. Pistako oztopo probak dira bere espezialitatea eta pistako modalitate horretan dabiltzanak "oso ondo" egokitzen dira krosera, Zornotza Kirol Elkarteko Juan Jose Anderezen esanetan. Bestetik, Iraia Mendia lazkaoarrak ere zeresana eman dezake. Iaz hamar onenen artean geratu zen 20 urtez azpiko Europako kros txapelketan.
Gizonetan Celestin Ndikumana burundiarra eta Noah Schutte herbeherearra nabarmendu daitezke. Biak 30 onenen artean sailkatu dira aurtengo munduko kros txapelketan. Eurekin batera, munduko txapelketako 3.000 metro oztopoetan finalista izan den Leonard Chemutai ugandarra ere faboritoen artean dago, iaz Sevillako maratoia hirugarren amaitu zuen Marhawi Ghebreslassie-rekin batera.
Euskadiko Kros Liga
Krosak antolatzen dituzten eragile batzuek sustatuta, Euskadiko Kros Liga sortu dute aurten lehenengoz. Zornotzako krosagaz hasi eta urtea amaitu bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren kros guztiak (nazioartekoetatik probintzia mailakoetara) Liga horren barruan sartuko dira. Ekimenak Euskadiko nahiz Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako federazioen laguntza du. "Nahiko historikoa dela uste dut. Euskadi mailan sekula ez da egutegi bateraturik egon. Krosa gainbeheran dago eta horrelako neurriek bultzada bat eman diezaioketela uste dugu", adierazi du Anderezek gaurko prentsaurrekoan.
Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak, berriz, azpimarratu du "garrantzitsua" dela Zornotza mundu mailan ezaguna den kros txapelketa honen anfitrioia izatea: “Aurten 69. edizioa izango da jokoan eta ekitaldi honek erakusten du gure udalerrian lan handia egin dela kirol honen alde, atletismoa sustatu dela ia zazpi hamarkadatan".
URRIAK 22, DOMEKA - ORDUTEGIA
- 09:40 14 urtez azpiko neskak: 2.700 metro.
- 09:55 14 urtez azpiko mutilak: 2.700 metro.
- 10:10 12 urtez azpiko neskak: 1.550 metro.
- 10:20 12 urtez azpiko mutilak: 1.550 metro.
- 10:30 18 eta 20 urtez azpiko emakumeak: 4.700 metro.
- 11:00 18 eta 20 urtez azpiko gizonak: 4.700 metro.
- 11:25 Proba paralinpikoa: 1.970 metro.
- 11:40 Herri lasterketa: 4.700 metro.
- 12:15 Emakumeen maila absolutua: 8.700 metro.
- 13:00 Gizonen maila absolutua: 8.700 metro.