Zornotzako Udalak diru laguntzak prestatu ditu etxebizitza bat alokatu gura duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Laguntzok eskatzeko epea zabalik dago eta azaroaren 17ra arte egongo da eskabideak aurkezteko aukera. Dirulaguntza jasotzen duenak, alokairura bertara bideratu beharko du jasotako dirua, gutxienez hamabi hilabeteko iraupenagaz.
Eskatzaileak edo bizikidetza-unitateko kide batek ezin izango du etxebizitzarik jabetzan izan, herentzia edo dohaintza bidez erositako etxebizitza kasuetan izan ezik. Kasu horretan, titularkidetasunaren portzentaietako batek ere ezingo du %50a gainditu eta partaidetzen balioa ezingo da 75.000 eurotik gorakoa izan. Horrez gainera, bizikidetza-unitatea osatzen duen helduetako batek udalerrian egon beharko du erroldatuta azken bi urteetan jarraian. Bizikidetza unitatearen diru sarrerei dagokienez, urtean 28.000 euro gordin baino gutxiago izan beharko dute.
Laguntzak eskatzeko baldintza eta oinarri guztiak Herritarren Arretarako Zerbitzuan kontsultatu daitezke. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa eta inprimakiak ere han aurkeztu behar dira.