Bizkargi Egunaren iragana eta bilakaera jaso dituzte dokumental batean

Ekaitz Herrera 2023ko urr. 11a, 11:52

18 herritarren testigantzetatik abiatuta, Bizkargi Egunaren jatorria, ospakizunaren arrazoiak, gertakariak eta bilakaera josi dituzte ikus-entzunezko batean. Dokumentala Zornotza Aretoan estreinatuko dute urriaren 26an, 20:00etan.

Dokumentalak Bizkargiko Eguna: atzotik gaurkora du izenburu, eta Zornotzako Udala eta Labayru Fundazioa ditu bultzatzaile. Azken honek hartu du dokumentazio lana eta ikus-entzunezkoa sortzeko ardura. Labayruko zuzendari Igone Etxebarriak azaldu duenez, Bizkargi Eguna "ondare immaterial" modura azaltzeko eta gorpuzteko ahalegina da bideoa: "Kontakizun poliedrikoa da, elkarrizketatu bakoitzak bere ikuspuntutik, bere bizipenetatik, kontatzen baitu Bizkargi Egunarekiko duen atxikimendua. Erromeria, aldarrikapena, bizipenak, letania erlijiosoak, memoria... horiek guztiak dira Bizkargi", azaldu du. Ikus-entzunezkoaren narratiba osatzeko 18 herritar elkarrizketatu dituzte, era batera edo bestera Bizkargi Eguneko bizipenekin lotura dutenak. Horien artean daude zornotzarrak, jakina, baina mendi tontorrean Morgak, Larrabetzuk eta Muxikak ere bat egiten dutenez, udalerriotako protagonistak ere badaude bideoan. 

Estreinaldia urriaren 26an

Dokumentala Zornotza Aretoan estreinatuko dute urriaren 26an, 20:00etan. Gonbidapenak Zornotza Aretoaren web atarian ipiniko dituzte eskuragarri. Ikus-entzunezkoa proiektatu ostean, mahai-inguru bat egingo dute bideoan parte hartzen duten hainbat kiderekin. Dokumentalak 55 minutuko iraupena dauka.

Bestalde, Jon Artabe euskara eta herrigintza zinegotziak gaineratu duenez, urriaren 16tik 27ra Bizkargi Egunari buruzko erakusketa bat egongo da ikusgai Zelaieta Zentroan. Erromeriako argazki zaharrak, dokumentuak eta prentsak kaleratutako artikuluak egongo dira ikusgai. Ainhoa Salterain alkateak azaldu du egitasmoa Ondarearen Europako Jardunaldien zati dela. Alde horretatik, "Bizkargi Egunaren historia, bilakera eta garrantzia kulturala" azpimarratu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!