Ibiliaz Ezagutu programak Andres Espinosa mendizalea gogoratuko du zapatuan

Anboto 2023ko urr. 9a, 15:23

Aurten 120 urte betetzen dira mendizale zornotzarra jaio zela. Urriaren 14an haren omenezko irteera egingo dute Jauregibarriatik hasita. Ibilbide bi egongo dira aukeran. Luzea 22 kilometrokoa, eta laburra, 6 kilometrokoa.

Ibiliaz Ezagutu programaren udazkeneko edizioa bueltan da lau ibilbide berrirekin. Lehendabiziko irteera zapatu honetan bertan egingo dute, herrikide bat oroituta. Hain zuzen ere, Andres Espinosa mendizale zornotzarra jaio zela 120 urte betetzen dira aurten. Eta premisa horretatik abiatuta, udalak ibilbide bi prestatu ditu zapaturako. Luzea, 22,6 kilometrokoa eta familia giroan egin ahal izateko bide laburra, 6 kilometrokoa.

Lehenengoari goizeko 8:00etan ekingo diote Jauregibarria parketik. Ibilbide laburra aukeratzen dutenak, berriz, 10:00etan irtengo dira Jauregibarriatik. Bidean zehar, txangozaleek Espinosaren bizitza eta abenturak ezagutuko dituzte gida batek lagunduta. Hiru interpretazio mahai behatzeko aukera ere iazngo dute. Zornotzako Udalak txango memorial horretan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Txangorako izena udalaren web orrian eman daiteke izen emateak jartzen duen atalean.

Beste hiru ibilbide

Zapatukoaz gainera, Zornotzako Udalak beste hiru txango antolatu ditu Arratiako eta Durangaldeko lurrak ezagutzeko.

  • Urriaren 21a. Dimatik abiatuta, 15 kilometro eginda, Durangora ailegatuko dira mendizaleak, Urkiolako Parke Naturaleko kareharrizko mendiak igarota.
  • Urriaren 28an, Durangoko bazterrak ezagutuko dituzte 11,5 kilometroko ibilbide batean. Besteak beste, Mugarrako haitzen magalean ibiliko dira.
  • Azaroaren 4an Durango eta Elorrio lotuko dituzte 15 kilometroko ibilaldia eginda. Durangaldeko haitzek inguratutako eremua zeharkatuko dute, baserri artetik.

Udalak autobus zerbitzua ipiniko du etaparen irteera eta amaiera lekuetara joan-etorria egiteko. Ibilaldiotan izena emateko Zelaieta Zentrora jo behar da, irteera egin baino egun bi lehenago gutxienez. Ametx txartela izatea beharrezkoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!