Zornotzako zergak eta tasak %3 igoko dira datorren urtean

Anboto 2023ko urr. 2a, 08:55

Hiru urtean tasak "izoztuta" egon eta gero, udalbatzak kopuruak eguneratzea erabaki du. Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu du eguneraketa "modu arduratsuan" egingo dutela. 

Zornotzako Udalak zergak, tasak eta prezio publikoak eguneratzea erabaki du. Datorren urtetik aurrera, orain arteko kopuruek %3 egingo dute gora. Edozelan ere, udal iturriek azaldu dutenez, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) markatutako kopuruaren azpitik egingo dute eguneraketa. Neurri berria barikuan egindako osoko bilkuran onartu zuten. Ainhoa Salterain alkateak azaldu du ordenantza fiskalak "modu arduratsuan" eguneratu dituztela, "udalaren finantza-beharrizanen arteko oreka lehenetsiz eta herritarrentzat eta tokiko enpresentzat mesedegarria den ingurune fiskala mantenduz". Araudi berrituan hainbat hobari edo deskontu jaso dute. Horien artean daude familia ugariei zuzendutakoak eta ibilgailu historikoei begirakoak.

Bestalde, udalak Eraikuntza, Instalazio eta Obren eta Ondasun Higiezinen gaineko zergak (IBI) aldatu ditu. Moldaketa horren helburua "energia berriztagarrien erabilera eta beste ekimen jasangarri batzuk sustatzea" dela azaldu du udalak. Hain zuzen ere, hobariak eman gura dituzte energia berriztagarrien, energia aprobetxamendu termikoen eta iraunkortasuna lortzen laguntzen duten neurrien artean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!