“Ozeanoetan dagoenaren %3 baino ez dugu ezagutzen. Askoz gehiago dakigu espazioan dagoenari buruz”

Jone Guenetxea 2023ko ira. 29a, 09:10

Jan-Lukas Menzel (Zornotza, 1986) ozeanografo zornotzarrak birritan bisitatu du Antartika, zientzialari legez. Mundu osoko 100 ikerlari ura izoztean eta urtzean gertatzen diren prozesu fisiko, kimiko eta biologikoak aztertzera joan ziren 2019an. Ikerketa horren ondorioen lehenengo publikazioak oraintxe ari dira kaleratzen. Ozeanografoak klima aldaketari buruzko berbaldia eman du Zornotzan, herriko gazteentzat.

Orokorrean, kontziente gara aldaketa klimatikoa lehentasun bat izan beharko litzatekeela?
Asko falta da horretarako. Bizi dugun erritmoagaz, kontsumo ohitura hauekin, geroago eta gehiago gura dugu. Beraz, gauzak aldatzeko kontzientziazio handiagoa behar da.

Geroago eta nabariagoa da tenperaturen igoera, uriolak... Batzuek oraindino ere ez dute egoeraren larritasuna onartzen.
Lehen mailako politikari batzuek jarraitzen dute esaten aldaketa klimatikoa ez dela gertatzen ari. Uda honetan bertan, Bilbon 45 gradura heldu gara abuztuan. Orain aste bi txingorra gogotik bota zuen... Fenomeno hauek geroago eta intentsoagoak izango dira, eta gatxagoak aurreikusten. Guk gaitasuna izango dugu egoera berri horretara egokitzeko. Aukera dugu gure ekonomiagaz eta bizitzeko moduagaz hori egiteko. Baina azaroan Namibiara noa, gai honen inguruan berba egiteko gonbidatu nautelako. Zer esango diegu desertuan bizi diren Namibiako herritarrei? Eurek ez dute hau guzti hau eragin. Guk, ostera, bai, gure kontsumoaren eraginez.

Birritan joan zara Antartikara zientzialari legez. 
Neguan eta udaberrian joan ginen. Ikerkuntzako kanpaina bi egin genituen. Normalean, neguan ez doa itsasontzirik Antartikara. Ikerkuntza estazioak badabiltza martxan neguan, baina kontinentearen barruan. Itsasontziak udan joaten dira, elikagaiak eramatera, eta estazioko jendea ere orduan aldatzen da. Doazen berriak hurrengo urtera arte egoten dira bertan. 

Zertan datza ikerketa?
Izozte eta urtze aroek zelan funtzionatzen duten ulertu gura genuen. Antartikako kontinentearen inguruan izotza sortzen da neguan itsasoan, eta gero urtu egiten da. Izotz horren hedadura 1.500-2000 kilometrokoa izango litzateke. Prozesu horrek fitoplanktonean eta ekoizpen primarioan duen eragina ikertu gura genuen. Izotza sortzen denean, fitoplanktonak behar dituen elikagaiak harrapatuta geratzen dira izotzaren barruan. Fitoplanktonak metal horiek (burdina, zinka, manganesoa) behar ditu hazteko, eta izotza sortzen denean kontzentratu egiten dira eta urtzerakoan askatu egiten dira. Paradoxa bat den arren, hegoaldeko itsasoetako urek soberan dituzte nitrato, fosfato eta silikatoak, baina ez dute metalik. Urak elikagaiz beterik daude, baina metalak falta direnez, fitoplanktona ez da hazten. Hori ez da beste ozeanoetan gertatzen. Oraindino ikerketa martxan da. Epe luzera egiten den lan bat da. Orain ari dira kanpaina horiei buruzko lehenengo publikazioak kaleratzen.

Neguko espedizioak ezohikoak izaten dira. Zelan joaten zarete prestatuta?
Hegoafrikatik irten ginenez, prestaketak hile asko lehenago hasten dira. Aduana kontuengaitik, materiala hara eramateak denbora eramaten du. Gure ikerketa taldeak gainera, metalak aztertzen dituenez, hile bi eta erdi behar izaten ditu laginak hartzeko botilak garbitzeko. Neurtzen ditugun metalen kontzentrazioak oso baxuak dira. Behin han zaudenean ezin duzunez atzera egin, gauza asko errepikatuta eramaten duzu. Bestalde, guk eramaten dugun ikerketarako laborategia itsasontzikoa baino espezializatuagoa denez, hori kontainer batean eramaten da eta kubiertan ipintzen da.

Zenbat jende batu zineten?
Agulhas II munduan dagoen ikerketarako itsasontzirik handienetarikoa da. 100 zientzialari eta 50 tripulatzaile batu ginen. Guztira,150 lagun. 20 unibertsitatetako jendea ginen. Abu Dabitik ere etorri ziren turbulentziak neurtzen. AEBetakoak, frantziarrak, alemanak, australiarrak...

Denok proiektu berean lanean?
Galdera bati erantzuteko, diziplina anitzeko ikerlariak behar dituzu: fisikariak, kimikariak, biologoak, geologoak... denek elkarlanean galdera berari erantzun ahal izateko. Izozte eta urtze prozesuan zer gertatzen da? Fitoplanktona soilik neurtuta ezin da jakin. Beste gauza gehiago aztertu behar da.

Esperientzia hau zelakoa izan zen maila pertsonal eta profesionalean?
Oso pozik nago horrelako esperientzia bat bizitzeagaz. Leku horretara ez da inor joaten, ikerlaria ez bazara. Ohetik jaiki eta alde guztietan dena izoztuta ikustea izugarria da. Izotz horretara jaitsi eta laginak hartu ahal izatea jakinda behean 5.000 metro ur duzula itzela da. Neguan ez zara beste itsasontziekin gurutzatzen. Neguko espedizioa hiru aste eta erdikoa izan zen, eta udaberrikoa 45 egunekoa. Neguan 51 graduraino izan genituen zero azpitik. Izotzera jaisterakoan benetako hotzerako arropagaz joaten zara. Orain, aldaketa klimatikoa inporta ez zaien eta dirua duten pertsonentzat modan dago Argentinara hegazkinez joatea, itsasontzi bat hartzea eta Antartikara joatea pinguinoak ikustera. Hori modan ipintzen ari da eta arazo handi bat da, baliabideen kontsumo handi bat eskatzen duelako eta zaborra sortzen duelako Antartikan. Leku horretan zientzialariak soilik egon beharko lirateke, eta ez turistak.

Beste hainbat ikerketatan ere partu hartu duzu. Zeren inguruko ikerketak izan dira?
Orokorrean esan daiteke denak gai baten ingurukoak izan direla. Ozeanografo eta biogeokimikari legez, ahalegintzen gara ulertzen nondik datozen metalak, CO2a, elikagaiak, zer gertatzen zaien eta nora doazen. Zikloak ulertzen ahalegintzen gara. Kontua da ez dakigula zer dagoen ozeanoan. Ozeanoetan dagoenaren %3 baino ez dugu ezagutzen. Askoz gehiago dakigu espazioan dagoenari buruz ozeanoan dagoenari buruz baino. Errazagoa da satelite bat bidaltzea atmosferara talkarik ez dagoelako, 8.000 metroko sakonerara ekipo bat bidaltzea baino. Presioa izugarria da eta itsasoko urak jan edo hondatu egiten du dena. Estazio espazial bat sortzea ur sakonetara ekipoak bidaltzea baino errazagoa da. Lan egin dudan James Cook (Britainia Handia), Purquois Pas? (Frantzia), Meteor (Alemania) eta Agulhas (Hegoafrika) itsasontziek NASAren antzeko lana egiten dute. Itsasoan gobernuek dituzten estaziorik punterengoak dira.

Zelan sortu zitzaizun ozeanografo izateko aukera?
Askotan, zuk gura duzuna barik, une horretan eskaintzen dizutena egiten duzu. Nik Itsas Biologia egin gura nuen. Orduan, Itsas Zientziak zegoela ikusi nuen eta Vigora joan nintzen ikastera. Gero, urtebete egon nintzen Mexikon. EHUko Europako master bat egin nuen Itsas Ingurumenari buruz Frantzian, Ingalaterran eta hemen ere bai. Master amaierako tesia Ingalaterran egin nuen eta, horretarako, CO2 neurtzera joan nintzen James Cook itsasontzian, Glasgowtik Islandiara. Hantxe hasi nintzen ozeanografia eskala globalean egiten, itsas azaletik hondoraino. Zientziaren alderik onena da erantzunak aurkitzea ez dakigun zerbaiti buruz. Guk oinarrizko zientzia egiten dugu. Ez dago dirua sortzera bideratuta.

Klima aldaketari buruz, zer egin daiteke?
Glaziarren eta Artikoko izotzaren urtzea, ozeanoen zirkulazio termohalinoa... prozesu horietan aldaketak aspaldi hasi ziren eta milaka urte beharko dira hori geldiarazteko. Beste gauza batzuk neurri gogorrak hartuta gelditu ahalko dira. Uste dugu planeta honetara igortzen dugun guztia diluitu egiten dela modu infinitu batean, baina mugara heltzen ari gara negutegi efektuko gasen kasuan. Elurrezko panpinaren bolatxoan pantxinatxo horrek sua piztuko balu ito egingo litzateke berehala. Bestalde, ozeanoek klima globala erregulatzen dute. Ur beroak zona tropikaletan igotzen dira, poloetara doaz eta han hotzitu egiten dira. Eta dentsitateagaitik sakonera igo egiten da. Hori da zirkulazio termohalinoa. Poloak eta izotza desegiten badituzu zirkulazioa eten duzu.

Ez gabiltza nahikoa egiten.
Ez, baina ezin da erantzukizuna norbanakoengan ipini. Hau goitik etorri behar da. Goitik eteten ez bada, ezinezkoa izango da. Beste gauza bat da maila pertsonalean erabakitzea hainbeste okela ez kontsumitzea, esate baterako. Ministro batek zeresan handia eman zuen okela gutxiago kontsumitu behar dela esan zuelako. Baina egia da. Ezin da okela egunero kontsumitu kiloa euro bi ordainduta. Ez da jasangarria.

Gazteak zientzialari izatera animatuko zenituzke?
Bai, zalantzarik barik. Baina ez da erraza, hemen ez delako dirurik inbertitzen horretan. Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian, ostera, bai. Zientzialari asko kanpora joan gara. Orain ematen du gauzak apurtxo bat aldatzen ari direla.


Menzel Antartikara egindako bidaian, Agulhas II itsasontzia atzean duela (2019)

Ikerlari zornotzarra Groenlandiara egindako beste espedizio batean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!