Zazpi kilometroko mendi martxa izango da, Zornotzako hainbat baserri-auzo zeharkatuko dituena. Baina berezitasun argi bat izango du. Izan ere, ibilbidean zehar uraren egoerari eta arazoei buruzko erakusketa batzuk ikusiko dituzte. Munduko uraren egoera zein Saharaz Hegoaldeko Afrikako egoera. Ibilaldia 10:00etan hasiko da, Jauregibarria parketik. Ibiltariek Zubipunte, Derandein, Urumin, Arrinda, Etxano, Epaltza eta Urritxe auzoak zeharkatuko dituzte. Martxa doakoa da, baina parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik. Horretarako, inprimakia bete beharko da www.derandein.org atarian, edo mezu bat bidali derandein@derandein.org helbidera. Izena emateko beste aukera bat 9:30ean ibilbidearen irteera-bertan, Jauregibarrian.
Derandein mendi martxa antolatzen duten bosgarren aldia da hau. Izen bereko fundazioak antolatzen du, Zornotzako Udalaren laguntzagaz. Fundazioak 2007tik lan egiten du Saharaz hegoaldeko herri behartsuen bizimodua hobetzeko, haien eskubideak babestuz eta sustatuz. Zornotzako Udalak ere fundazioagaz esku hartzen du garapenerako lankidetza proiektu bat finantzatuta. Hain zuzen ere, Kongoko Errepublika Demokratikoko Kinshasa hiriburuko proiektu batean.