Etxean ondutako lan baten estreinuagaz ekingo dio denboraldi berriari Zornotza Aretoak. Anita Maravillasen Andereño lanagaz. Obra honen testuingurua gerra izango da, eta errepublika garaiko andereñoak eta euren ikasleak dira protagonistak. "Motibatzen gaituzten gaiak jorratzen ahalegintzen gara, lan zintzoak. Kasu honetan, barkuetan gerratik ihes egiteko eraman zituzten umeen irudiekin hasi gara lanean; abiapuntu hartuta, familia osoentzat iruditegi bat sortzen saiatu gara. Mugimendua eta eszenak zelan eraiki oso garrantzitsua da guretzat", azaldu du Miren Larrea konpainiako zuzendariak. Hezkuntzaren eta gerraren arteko talka islatzen saiatu da baita ere. "Nagusiek hasitako gerraren aurretik, ume horiek bizitza bat zuten. Andereñoren istorioa aske eta zoriontsu izateko saiakera ero eta ederra da".
Titereak eta antzerki bisualak jorratzen ditu nagusiki Anita Maravillasek, eta mugimenduei ere garrantzi handia ematen diote. "Ipuin itxura eman gura genion istorioari, eta horretarako, fabuletan oinarritu gara". Ivan Alonso obrako zuzendariak, ostera, Zornotza Aretoa egoitza modura erabili ahal izatearen garrantzia nabarmendu du. "Honelako antzezlan batean pertsona ugarik lan egiten dute; bi hilabetez leku berean entseatu eta lana prestatu ahal izatea luxu bat da".