"Belaunaldi berriak erakarri gura ditugu ontzi modelismora"

Aitziber Basauri 2023ko ira. 17a, 10:20
Javier Atxurra Gojenola eta Raul De la Cruz Hidalgo

Hiru hamarkada pasatu dira Bizkaiko Irrati-kontrol bidezko Ontzi Modelismo Elkartea sortu zela Zornotzan. Gaur egun 20 bat bazkide dira eta belaunaldi gazteak erakartzea dute erronka. Javier Atxurrak (Zornotza, 1944) Bizkaiko Irrati kontrol bidezko Ontzi Modelismo Elkartearen sorreran parte hartu zuen. Orain, Raul de La Cruzek (Zornotza, 1986) eta beste bazkide gazte batzuek hartu dute lekukoa Atzo Fuenlabradan (Espainia) egon ziren eta ontzi modelismo erakustaldian parte hartu zuten.

Noiz zaletu zineten modelismora?
Javier Atxurra: Orain 45 urte. Industria-maisua izan naiz eta 19 urtegaz langileei tornuak, fresatzeko makinak... erabiltzeko formakuntza eskolak ematen hasi nintzenean murgildu nintzen modelismoan. Modu autodidaktan, gauza batek bestera eramanda. Autoekin hasi nintzen. Gero etorri ziren itsasontziak, hegazkinak, droneak... 
Raul De la Cruz: Zornotzan Karmen egunean egiten den erakustaldian ezagutu nuen elkartea, eta han nabil harrezkero. Badira 20 urte. Javierrek eta eskarmentu handia duten beste batzuek irakatsi didate dakidan guztia; oraindino ikasten jarraitzen dut. Irrati kontrola da gustatzen zaiguna, eta 10 urtetik hona aeromodelismoan ere banabil murgilduta.
J.A.: Zaletasuna izatea da garrantzitsua. Hori edukita, topatzen duzu modua aurrera egiteko. Eskarmentu handiagoa dutenekin elkartuta, arazoak gainditzea eta ez uztea lortzen duzu. 

Modelismoak arreta eta pazientzia handia eskatzen dituela esan daiteke. 
J.A.: Bai. Eta aurretiko ezagutza. 
R.D.C.: Egia da. Hala ere, gaur egun errazagoa dela esango nuke. Laguntza gehiago dago. Gainera, materiala ez da garai batean besteko garestia. Asko merkatu da.
J.A.: Orain 30 urte dirutza eskatzen zuen. Orain, ostera, edonork egin dezake. Materialen fidagarritasuna eta kalitatea ere askoz hobeak dira.

Zenbat itsasontzi dituzue?
J.A.: 16 itsasontzi, itsaspeko bat eta batiskafo bi ditut, zurez, beira-zuntzagaz eta karbono-zuntzagaz egindakoak. Zortzi kilo pisatzen duen  80 zentimetroko autoa ere badut, eta ilobari oparituriko txikiago bat. 
R.D.C.: Zortzi itsasontzi ditut, beira-zuntzagaz egindakoak; eta 3D inprimagailuagaz egindako beste bi. Bestalde, 12 hegazkin ditut, benetakoen erreplikak, eta sei drone. 

Baduzue bereziki kutuna duzuen itsasontzirik?
R.D.C.: Osorik zurez egindako baporezko atoiontzi zahar bat, Ulises. Hainbat buruko min eman zidan eta denborarik gehien horrek eskatu dit. 
J.A.: Baporezko motorra duen 1,10 metroko atoiontzi bat. Aparteko kapritxoa da. Urte bi eta erdiko lana eskatu zidan. Badut beste bat tamaina berekoa, 22 motor dituena.

Ipini dituzue nabigatzen Ibaizabal errekan? 
J.A.: Jakina! Ez du zentzurik ontzi zoragarri bat eraikitzeak eta apalean gordeta edukitzeak. 
R.D.C.: Hainbeste lan eta denbora hartu ondoren, pena ematen du uretan ez probatzeak.

Badago zaletasunik eskualdean?
J.A: Gutxi, nahiz eta erraztasunak eman eta ahalegin guztia egin jendea zaletu dadin.
R.D.C.: Belaunaldi berriak erakarri gura ditugu, eta ematen du hasi garela ezagutzera ematen, sare sozialen bitartez. Batzuk ipini dira gugaz hartu-emanetan. Laguntzeko prest eta besoak zabalik gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!