Zornoza Korala, ate zabalik abestea gustuko dutenentzat

Anboto 2023ko ira. 7a, 08:51

"Kantatzea gustatzen zaizu? Erantzuna baiezkoa bada, zure tokia Zornoza Abesbatzan dago". Premisa horretatik abiatuta, koralak ateak zabaldu ditu eurekin abesten hasi gura dutenentzat.

Koralak argitu du bertan parte hartzeko ez dela beharrezkoa izango musika ikasketak izatea edo aldez aurretik abesbatzaren batean ibilitakoa izatea. "Nahikoa da kantuz ikasteko eta gozatzeko gogoz egotea", argitu dute. Era berean, taldea musikan profesionala den zuzendari batek gidatzen duela gaineratu dute. Taldeagaz hartu emanetan ipintzeko 616474994 telefono zenbakia ipini dute eskura. Whatsapp mezua ere bidali daiteke. Entseguak astelehenetan egiten dituzte 20:45-22:00 ordutegiagaz, abesbatzak Harrison eraikinean daukan egoitzan (hotelaren atzealdean dauka sarbidea). 

Zornoza Koralak 70 urteko historia dauka. Bere egitura unean uneko egoeretara egokitu dute urteetan zehar. Abesbatzak disko bi ditu grabatuta eta ibilbide luzea izan du emanaldiei dagokienez. Besteak beste, Frantziara eta Alemaniara ere egin dituzte irteerak. Denbora aurrera joan ahala, abesbatza osatzen duten ahotsen kopurua murriztuz joan dela eta, abestea gustuko dutenei deialdi hau egitea erabaki dute.  

2018an, Koraleko kideek Bordelera egindako irteera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!