Boroako Mendi Martxa egingo dute zapatu honetan, Anaitasuna elkarteak antolatuta

Anboto 2023ko ira. 6a, 12:08

Mendi martxak 9:00etan irtengo du, Boroako herrigunetik. Mendi ibilaldia egin eta gero, hamaiketakoa, bazkaria, giza probak, musika kontzertua eta bolo txapelketa izango dituzte.

Boroako Anaitasuna elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du zapaturako, hilaren 9rako. Ekitaldi guztien artean, bada nagusi den bat: inguruko paraje eta mendiak zeharkatuko dituen mendi martxa. Boroako txokotik irten eta, 14 kilometroko ibilbidea eginda, mendizaleek Munezorrotz, San Martin eta Arrizurigane zeharkatuko dituzte; handik, gero, abiapuntura bueltatuko dira. Martxa 9:00etan hasiko da, Boroako auzogunetik. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Umeek  5 euro. Izen ematea 8:15etik 8:45era egin ahal izango da. 

Martxaren ondoren, gainerako ekitaldi guztiak etorriko dira, bata bestearen atzetik. 12:00etan kamiseten banaketa eta hamaiketakoa egingo dute. Ondoren, giza probak (13:30) eta bazkaria (15:00) izango dituzte. Eguna Eneko Larruzea Amezuaren kontzertuagaz eta bolo txapelketagaz amaituko dute. Azken ekitaldi bi hauek 17:00etan eta 19:00etan egingo dituzte, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!