Ganbera musika, herri musika, folka, jazza zein estilo barrokoa. Zornotzako Eleizetan programaren edizio berria eskaintza zabal batekin dator bueltan. Programako lehenengo kontzertua zapatu honetan bertan egingo dute Etxanoko elizan, 20:00etatik aurrera. Bertan, Zarzuela Errezitala ekitaldiak pianoarekin eta ahots soprano zein tenoreekin osaturiko emanaldia eskainiko du. Hortik aurrera, hurrengo egunetan zer entzun eta zer gozatu asko egongo da Zornotzako ermita eta elizetan.
Ainhoa Salterain alkateak eta Koldo Bilbao kultura zinegotziak egitarauko xehetasunak eskaini dituzte goiz honetan. Egitarauaren "aniztasuna eta kalitate handia" izan dituzte ahotan.
Honako hauek dira aurtengo Eleizetan programako ekitaldiak:
Irailak 9, zapatua.
Zarzuela Errezitala. Miren Urbieta-Vega sopranoak, Beñat Egiarte tenoreak eta Josep Buforn piano jotzaileak Zarzuelaren historiako piezarik esanguratsuenak interpretatuko dituzte. Pablo Sorozabal eta Jesus Guridi konpositore euskaldunen obrek leku azpimarragarria izango dute. (Emanaldia: 20:00etan, Etxanoko elizan. Bertara joateko doako autobusak 19:30ean irtengo du Gudari kaletik).
Irailak 10, domeka
Ana Carla Mazak biolontxeloa eta ahotsa baliatuta eskainiko du kontzertua. Bere jaioterriko doinuak izango ditu oinarri. Habana (Kuba) hisitik eratorritako jazz eta doinu latinoak. (Emanaldia: 19:00etan, Bernagoitiko San Migel elizan. Bertara joateko doako autobusak 18:00etan irtengo du Gudari kaletik).
Irailak 16. zapatua
Appaloosa Quartet. Musikenetik, Euskadiko goi mailako musika zentrotik, irtendako ikasleek osatzen duten taldea da. Sokazko instrumentuekin lagundutako emanaldia eskuartean dutena. Taldea Agate Amilibia biolontxelo jotzaileak, Unai Celaya eta Juan Gomollón biolin jotzaileek eta Ane Aguirre biola jotzaileak osatzen dute. (Emanaldia: 20:00etan, Boroako San Pedro baselizan. Bertara joateko doako autobusak 19:30etan irtengo du Gudari kaletik).
Irailak 17, domeka
Herejeen alaba. Fraide bat Orreagatik Durangorantz abiatzen da. Hara heldua, biharamunean hamabi hereje erreko dituztela jakingo du, haien artean ume bat, herejeen alaba. Irakurketa musikatua izango da. Maider López biola jotzaileak eta Ander Berrojalbiz arrabita jotzaileak jarriko dute musika. Ainhoa Pinedak testuak irakurriko ditu. (Emanaldia: 19:00etan, Dudeako San Migel baselizan. Bertara joateko doako autobusak 18:30etan irtengo du Gudari kaletik).
Irailak 23, zapatua
Kuttune. Nerea Quincoces perkusio jotzaile, abeslari eta musikagileak ondutako taldea da Kuttune. Euskal folklorean oinarritutako eta inguruko kulturekin zein munduko musikekin fusuinaturiko konposizioak dakartzana. (Emanaldia: 20:00etan, Etxanoko elizan. Bertara joateko doako autobusak 19:30etan irtengo du Gudari kaletik).
Irailak 24, domeka
Melyus laukotea. 2020ko irailean Musikeneko lau ikaslek osaturiko taldea da. Ganbera musika lantzen dute. Sofía Moya eta Alba Compte dira biolin jotzaileak. Claudia Vidal biola jotzailea da eta José Antonio Oliva biolontxelo jotzailea. (Emanaldia: 19:00etan, Garaitaondoko San Isidro baselizan. Bertara joateko doako autobusak 18:30etan irtengo du Gudari kaletik).