Zornotzako udalbatzak gaur onartu du hiru udal eraikinetan eguzki-panel fotovoltaikoak jartzeko obrak lizitatzeko aurrekontua aldatzea. Aurreikusitako inbertsioa 265.000 eurokoa izango da, eta instalazioa urtearen amaieran egitea aurreikusten da. Aukeratutako hiru tokiak honako hauek dira: Larreako eskola, Luis Urrengoetxearen eskolaurreko eskola eta Larrea kiroldegia.
Esther Torvisco Agenda 2030eko zinegotziak hiru eraikin publiko horiek zergaitik aukeratu dituzten azaldu du. "Hiru eraikinek sabai handi zuzenak dituzte, mota horretako instalazioetarako aproposak". Ildo horretan, hiru proiektu egin dira eguzki-panelak instalatzeko, eta, inbertitzaile bat edo gehiago jarriko dira, sortutako korronte zuzena korronte alternoa bihurtzeko, udalak ohar batean azaldu duenez.
Energia-aprobetxamendua
Sortutako energia, batez ere, dagokion instalazioa dagoen eraikinean kontsumituko da. Energia-soberakinik balego, inguruko beste udal-instalazio batzuetan kontsumitzeko aukera izango da. "Plaka fotovoltaikoei esker, energiaren eta gastu publikoaren erabilera adimentsua eta iraunkorra egingo da, eta eraikin horien burujabetasun energetikoa eta kudeaketa eraginkorra ahalbidetuko dira", nabarmendu du Torviscok.
Udalak plaka fotovoltaikoko 72 modulu jarriko ditu Larreako eskoletan, 30 Kw-ko potentzia nominalarekin eta urtean 37.110Kwo inguru sortuko ditu. Luis Urrengoetxearen eskolen kasuan, 144 modulu jarriko dira eta potentzia nominala 60 Kw-koa izango da; horrela, instalazio horrek urtean 71.170 Kwo inguru sortzea espero da. Eta, azkenik, Larreako kiroldegirako energia sortuko duen 234 moduluko instalazioak 100 Kw-ko potentzia nominala izango du eta urtean 119.600 Kwo-ko energia sortzea ahalbidetuko du. "Aurreikusitako instalazioei esker, Zornotzako Udalak 227.880Kwo energia sortuko du modu jasangarrian", gaineratu du Torviscok.