"Ardi-moztailearen lana bizitzeko modu bat da"

Anboto 2023ko uzt. 25a, 10:20

Joseba Ugaldek (Zornotza, 1981) Arantzazuko artzain eskolan hasi zituen ardi-moztaile izateko ikasketak, eta, gero, Puente La Reina de Jacan (Aragoi), Extremaduran eta Frantzian osatu ditu. Zeelanda Berrira era joana da, hangoak direlako "onenak ardiak mozten".       

Lan karga handiko sasoia izaten duzu hau, ezta? 
Bai. Ardiek ilea mozteko premia dute. Artilea isolatzailea izanik, ardiek ez dute berorik pasatzen geldirik badaude, baina mugituz gero bai. Gainera, euria egiten badu hezetasun guztia sartzen zaie. Bestalde, eulirik ez sartzeko mozten zaie ilea sasoi honetan. Euliak arrautzak uzten ditu ilean eta hazitako kokoek ardiaren okela jaten dute. Gero, udazken-neguan berriro mozten zaie, ardiak aterpean daudenean. Garbiagoa eta higienikoagoa da, adibidez esnea batzerako orduan gazta egiteko.

Nondik mugitzen zara? 
Ofizio hau bizitzeko modu bat da. Ez dago jakiterik noiz eta non egongo den lana, eta ziurgabetasun hori kudeatzen jakin behar da. Martxoan Euskal Herrian hasi nintzen, eta gero Frantziara joan nintzen, udan Alpeetan egoten diren ardi merinoei ilea moztera. Bueltan Euskal Herrian lan egin nuen berriro, maiatzean Sardiniara joan aurretik. Eskozian ere egon naiz, ekainean, munduko ardi-moztaile txapelketan. 

Orain Durangaldean zabiltza. 
Bai. Arrazolan, Berrizen, Zornotzan… Eta irailean Bearnera (Frantzia) joango naiz. Ardi latxaren antzeko ardi haiek Pirinioetan pasatzen dute uda, 2.000 metrotik gora. Irailean jaisten dira lehenengoak eta orduan mozten zaie ilea. Azaroan Suitzara noa, eta abenduan Tourmalet ingurura (Frantzia). Sasoiko lana da gurea, naturaren menpekoa. 

Ardi-moztaile gutxi zaudete? 
Bagaude batzuk. Ez da egia ardi-moztailerik ez dagoela, lehen baino gutxiago garen arren. Enpresari handiek eragin zuzena izan dute horretan: oso prezio baxuan zerbitzu osoa eskaintzen zaio artzainari, baldintza ekonomiko baxuetan lan egiteko prest dauden ardi-moztaileekin. Gainera, ardi-harrapatzaileen figura –gero ardi moztera pasatzen zirenak–  desagertzen dabil. Ni horrela hasi nintzen. Batez ere, oso artalde handietan gertatzen da hori.

Zelakoa da zuen lana?  
Gustuko izan behar duzu. Nahiko lan fisikoa da, hasieran batez ere. Teknikoa ere bai, jarrerak ikasi behar direlako. Ardi moztea dantzatzearen parekoa da, alde batetik. Behin teknika ikasita, bai ardia bai norbera lasaiago egotea lortzen da eta bien arteko konexioa lortuz gero erraz joaten da dena. Dena dela, kanpotik erraza dirudi, baina ondo ikasi behar da mozten, ardiari minik ez egiteko.

Zeelanda Berriko teknika da onena? 
Honetan luzaroan aritu gura baduzu, minik egin barik, bai. Ardiarentzat ere teknikarik onena da. Ez da lotu behar, ez da estresatzen... Eta ilea azkar mozten ahalegintzen gara. Batzuk erdi lo egoten dira askatzen dituzunean. 

Zenbat ardi mozten duzu egunean? 
Ardien araberakoa da, baina 100-200era erraz heldu naiteke. Durangaldean muturbeltza da nagusi, eta ile asko du. 

Artile horri guzti horri erabilera ematen zitzaion lehen. Orain gutxiago.
Artilea jende askoren eskuetan dago. Petrolioa, ostera, lauren eskuetan. Hainbat erabilera duen arren ez da artilearen aldeko apusturik egiten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!