"Aurtengo txistu kontzertura Eñaut Elorrieta etorriko da abestera"

Anboto 2023ko uzt. 14a, 12:30

Egun hauetan agenda ekitaldiz gainezka dauka Iban Ibarretxe (Zornotza, 1973) Udazken taldeko txistulariak. Herriko jaiak, Santurtzikoak, Bermeokoak... Eta aurten ospakizun horiei guztiei beste bat gehitu behar die: ohorezko danbor-jotzaile izendatuko dute Zornotzan.

Ohorezko danbor-jotzaile izendatuko zaituzte jaietan. Pozik?
Danborrada zuzentzeari utzi nionean, 2016an udaleko urrezko domina eman zidaten. Errekonozimendua aldi hartan hartu nuen, eta pentsatu nuen horregaz nahikoa zela. Baina oraingoan beste izendapen hau jasoko dut, eta pozik nago. Orain dela urte asko, zuzendari nintzela, Raimundo Zugadiri eman genion ikur hori. Nik dakidala, orain arte behin baino ez da eman.

Hamasei urte egin zenituen danborrada zuzentzen. Zelako esperientzia izan zen?
Nire aurretik, Jose Mari González 'Semita' aritu zen zuzendari. Bere anaia ere ibili zen, eta orain bere semea dabil. Danborradan egin nuen ibilbidea polita izan zen, baina ardura handia da. Utzitakoan lasaitasuna hartu nuen. Danborrada nagusiagaz hasi nintzen. Gero, danborrada txikiko zuzendariak utzi egin zuen eta hura ere hartu nuen. Baina sei entsegu izaten ziren, jende asko...

Jende askok parte hartzen du?
Bai, 60 bat danborrari izaten dira. Beteranoak ere etorri ziren euren kabuz entseguetara.

Udazken txistulari taldekoa zara. Jaietan tokatuko zaizu txistua jotzea?
Txistua barik gaita jotzea tokatzen zait Udazken Berria taldean erraldoien kalejiran. Inoiz erraldoiak maneiatzen ere aritu izan naiz, baina orain gazteak ibiltzen dira.

Dianan parte hartuko duzu?
Ez. Kontua da Santurtziko bandan txistulari lez nabilela eta uztailaren 16ko eguna han egoten naizela. Madalenetan ere Bermeora joatea tokatzen zait teila jaurtitzera, hango txistulari maisua naizelako. Beraz, aurrera eta atzera ibiltzen naiz.

Zertan parte hartuko duzu jaietan?
Txistularien kontzertuko eguna gustatzen zait, batez ere lanak behin eginda daudenean. Aurten, uztailaren 21ean egingo dugu kontzertua, eta gero parranda egingo dugu. Marmitakoa ere gustatzen zait, baina aurten ezingo naiz joan.

Udazken txistu taldea zelan hasi zen diana jotzen?
Anaia, Eñaut Elorrieta eta hirurok 1998an hasi ginen diana jotzen, 09:00etan. Aurtengo txistu kontzertura Eñaut Elorrieta etorriko da abestera.

Orain gehiago zarete, eta diana geroago egiten duzue.
Udalak diana berreskuratzeko eskatu zigun. Orain 30 bat txistulari batzen gara eta gaur egun kalejira bat da. Gazte hauei ordua 09:00etan ipintzen badiezu...

Zelan ikusten duzu txistuaren mundua?
Lehen, urtean zortzi bat apuntatzen ziren musika eskolan txistua ikasteko; orain gutxiago.

Dantza taldeek ere arazoak izaten dituzte txistulariak aurkitzeko.
Horregaitik, musika eskolako programan beti ipintzen ditut dantzak eta kalejirak. Eskarmentua behar da plazara jotzera irteteko. Lehen denak ziren kaleko txistulariak, baina orain ez. Txistulariak kalea ere behar du. Ezin dugu txistuaren esentzia galdu.

Jaietara begira, zein mezu helaraziko zenieke zornotzarrei?
Errespetuz jokatzea eta ondo pasatzea desio diet. Eta euskaraz egitea gogoratzea gura nuke. Mugimendu Feministak jaurtiko du txupinazoa, eta poztekoa da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!