Astebeteko egonaldia egin duzu Irulegiko aztarnategiko indusketetan, boluntario legez. Zerk bultzatu zaitu boluntario lanetan izena ematera?
Kontua hamaika urte atzeragotik dator. 2012an Amaiurko gaztelua industeko programetan parte hartu nuen. Han ere boluntario legez aritu nintzen eta egonaldi haiek zortzi urtez errepikatu nituen. Gerora ume bi izan ditut, etena egin dut boluntario lan horietan, eta aurten zeregin horri berrekin diot. Amaiurko gazteluko indusketak ia bere osotasunera heldu direla eta, beste aztarnategi batera joatea bururatu zitzaidan. Eta honako hau aukeratu nuen, Irulegikoa.
Irulegi eta Amaiur. Leku bi horiek ezaugarri antzekoak dituzte. Nafarroan daude biak, eta biak dira sinbolismo handiko lekuak euskaldunentzat. Kasualitatea da leku horiek aukeratu izana?
Izatez arkitektoa naiz, baina betidanik gustatu izan zait arkeologia, txikitatik. Amaiurko esperientzia lagun baten deiagaz hasi zen. Amaiurko indusketetara joatekoa zela esan zidan, eta beragaz joatea erabaki nuen. Asko gustatu zitzaidan esperientzia. Amaiurrek sinbolismo handia dauka, hango gazteluan gertatu zelako Nafarroako Erresumaren azken borroketariko bat. Irulegi orain urte bi bisitatu nuen, familiagaz, brontzezko eskua aurkitu baino lehenago. Eta aurkikuntza horri eskerrak leku ikoniko bihurtu da jada. Hartu-eman handia daukat Mattin Aiestaranegaz, Irulegiko aztarnategiko zuzendariagaz. Orain zazpi-zortzi urte elkar ezagutu genuen Amaiurren. Leire Malkorra arkitektoa ere ezagutzen dut, Irulegiko Eskua topatu zuena. Arkitektoa da bera ere, eta bera ere Amaiurren hasi zen. Beraz, hartu-eman handia dugu denok. Irulegi oso leku interesgarria da. Herrixkagaitik, Erdi Aroko gaztelua ondoan daukalako,... eta brontzezko eskua agertu zenetik, zeresanik ez!
Arkitektoa zarela esan duzu. Zerk bultzatu zaitu Amaiurko gaztelura eta Irulegiko herrixkara joatera, hango eraikinekiko jakin-min arkitektonikoak ala euskaldun legez sorturiko jakin-minak?
Gauza biek. Bai arkeologiak eta baita euskalduna izateak ere. Arkitekto batentzat aberasgarria da arkeologoei hormen formak aztertzen laguntzea. Hormen zuzentasuna, lerrokadurak, eraikitzeko era desberdinak hirigintzan. Amaiurren eta Irulegin garai desberdinetako hormak daude. Irulegin bertan badira Burdin Aroko garai desberdinetako hormak. Eta Leireren moduko arkitektoak han izatea oso lagungarria da arkeologoei ahal den neurrian laguntzeko. Normalean, boluntariotza programa horietan egoten direnak arkeologoak, historialariak eta ikasleak izaten dira.
Zein izan da zure betebeharra Irulegiko aztarnategian?
Han geunden beste denekin batera, indusketa lanak egitea. Leku batzuetan, aitzur txiki bategaz eta pala bategaz. Beste leku batzuetan, paletatxo bategaz. Izan ere, eremuaren arabera, era finagoan, zehatzagoan, industu behar duzu. Irulegiko herrixka lurrez estalita dago, 50 bat zentimetroko geruza bategaz. Horrenbestez, lur hori ateratzeko, palagaz, karretillagaz eta aitzurragaz ibiltzen gara atzera eta aurrera.
Irulegiko herrixkan kale bat eta etxe bi industu dira orain arte. Zer industu duzu zure egonaldian?
Etxebizitza horiek biak guztiz industuta daude gaur egun. Horien alboan kalea dago, herrixkako kale nagusia izandakoa. Georradarra erabilita, nahita zabaldu zuten eremu hori. Hain zuzen ere, herriaren egitura printzipala zelakoa zen ikusteko. Aurten, hiru hilabete iraungo duen indusketa kanpainan, beste eremu bat zabaldu gura dute. Beste etxebizitza bat, kalean baino askoz ere aztarna gehiago topatzen delako etxebizitzetan.
Topatu duzue aztarna berririk?
Kalea industen ibili gara. Eta bertan zeramika zati batzuk, garai hartako animalien hezurrak, haginak eta iltzeak topatu ditugu. Ez brontzezko eskuaren tamainako ezer, baina bai garai hartako bizimoduaren aztarnak, garai hartako materiala. Aurkikuntza horiek ekarpen handia egiten dute ordu hartako bizimodua zelakoa zen ezagutzeko.
Zelan sentitu zara Irulegin egindako egonaldian?
Oso gustura. Hiru-lau urtean ezin izan dut esperientzia hori sentitu; beste gazte batzuekin bertan egotea eta elkarregaz industea. Oso giro ona egoten da. Adin askotako gazteak gaude, 18 urtetik 45-50 urtera artekoak. Amaiurren 18tik 72 urtera arteko herritarrak egoten dira. Boluntarioak gara denak eta oso kimika ona sortzen da taldean. Txanda bakoitzean 16 bat neska-mutil egoten gara.
Iratzartzen zaretenetik lokartu arte, zelakoa izaten da egun bat aztarnategian?
Dena antolatzen da boluntarioen artean. Hau da, txanda bakoitza osatzen duten kideak arduratzen dira gosaria, bazkaria eta afaria prestatzeaz. Berdin garbiketak egiteaz. Egonaldia hastean, egutegi bat antolatzen dugu bakoitzaren ardurak zehazteko. Lau boluntarioz osaturiko taldeak eratzen ditugu. Irulegin, adibidez, gosaria prestatu behar dutenak 07:30ean iratzartzen dira, eta 8:00etan gosaltzen hasten gara. Bazkariagaz, afariagaz eta garbiketa kontuekin berdin egiten da. Horrek ez du esan gura otorduak prestatzen dituztenak indusketa lana alde batera uzten dituztenik, jakina! Gauzak biak egin behar dira. 09:00etan Irulegiko herrixkara igotzen gara, industera. 9:00etatik 14:00etara industu egiten dugu. Ordu laurdeneko tartetxo bat hartzen dugu hamaiketakorako, eta gero 40 bat minutuko tartea izaten dugu, fruta eta ogitartekoak bazkaltzeko. Gero, 15:00etatik 17:30era indusketak egiten jarraitzen dugu. Amaieran, 18:00etan, herrixkatik jaisten gara. Hortik aurrera denbora librea izaten dugu. Arropa zikina erantzi, dutxatu, lagunekin berba egin, zerbait hartu... jende asko inguruko herriak bisitatzera joaten da.
Izaten duzue tarterik berandura arte egoteko, udalekuetan legez?
Noizbehinka bai, zapaturen batean, dena ez da industea eta! (barrez). Azken finean, hori ere garrantzitsua da talde izaera lantzeko. Gure artean hobeto ezagutzeko balio du horrek.
Irulegiko aztarnategiari oihartzun handia eman dio bertan topaturiko brontzezko eskuak. Bertara doazenen artean, igartzen da eskuagazko ikusmin hori, atxikimendu berezi hori?
Bai, igartzen da. Amaiurko gazteluan ere igartzen zen hori. Jende asko etortzen zen gaztelua ezagutzera, sinbolo bat delako. Horrez gainera, kontuan hartu behar da Amaiurko herria eta Baztan oso ederrak direla ikusteko. Irulegiko kasuan, herrixka azaldu zenean, bisitariak joaten hasi ziren. Baina eskua agertu zenetik, iruditzen zait askoz ere jende gehiago doala bertara. Gainera, orain, bisita gidatuak kontratatzeko aukera dago. Aranzadi Zientzia Elkartearen web orritik eskatu daitezke erreserbak. Beraz, bisita gidatuetara doazenak eta herrixka ezagutzera doazenak, denak batzen dira Irulegin. Egia esan, oso bisita interesgarriak dira. Aukera izanez gero, kontratatzeko eta bertara joateko modukoak. Ez da Irulegi edo hango eskua bakarrik esplikatzen. Aranguren ibarreko beste hainbat kontu azaltzen da.
Boluntario lanetan ibili zara beste hainbatekin. Egungo gizartearen perspektiban kokatuta, zelan ikusten duzu lan boluntarioa, altruista?
Nik ezagutu dudan mundu honetan, boluntariotza hori arkeologiagaz loturaren bat dugunon artean izan da. Boluntarioetariko asko historia ikasleak direla ikusi dut, interes handia duen jendea. Gero, badago beste jende bat arlo honegaz zerikusirik ez daukana, baina ez dira asko. Boluntariotza lana oso inportantea dela iruditzen zait. Indusketetarako ez da nahikoa dirurik egoten eta geroago eta boluntario gehiago behar da. Ez bakarrik indusketetan, beste arlo askotan ere bai. Proiektu hauei dagokienez, jendea benetan da boluntarioa. Eta konprometitua. Ez dugu txakur txikirik ikusi. Irabazten duguna bertan bizitako esperientzia da.
Zuk bizitako esperientzia gainerako herritarrei gomendatuko zenieke?
Dudarik barik. Mundu guztiari gomendatuko nioke. Zergaitik? Gure identitatea ezagutzeko aukera bat delako. Nondik eta zergaitik gatozen ezagutzea dakarrelako. Gaur egungo gizartea ezagutzetik aparte, orain 2.100 urteko gizartea ezagutzeko aukera ematen duelako. Zelan bizi ziren, zein eraikinetan, zein zen euren bizitzeko modua, herrixka horiek zelan eta zergaitik sortu zituzten... Brontzezko eskua agertu zeneko herrixka duzu bertan, eta Nafarroako Erresumaren hastapenetako gaztelua ondoan. Garai desberdinak ezagutu ditzakezu. Azkenaldian euskal identitate hori apur bat galdu egin dugula uste dut, eta iruditzen zait garrantzitsua dela horrelako gauzak ezagutzea eta ikustea, identitate hori ostera ere topatzeko eta bertan islatzeko. Industera joan ez arren, txango bat egitera ere joan daiteke.