Zornotzako jaiak 2023

“Autodefentsa feministarako prest gaude. Zeozer gertatzen bada, lehenengo lerroan egongo gara"

Jone Guenetxea 2023ko uzt. 7a, 09:00

Goian, Maddi Parra, Libe Izagirre, Aitziber Zearreta eta Ane Larrea. Behean, Maider Arizabaleta eta Bego Espiga.

Urte askotako lanaren errekonozimendu legez, Zornotzako Mugimendu Feministak karmenetako txupinazoa jaurtiko du udaletxeko plazatik, uztailaren 15ean, 20:00etan. Akelarre, Talde Feminista, Martxoak 8 plataforma eta Suhaziak Neska Gazteen Taldea dira herrian mugimendua artikulatzen duten taldeak. Maddi Parra (Akelarre), Bego Espiga (Akelarre), Aitziber Zearreta (Talde Feminista), Ane Larrea (M8 plataforma), Libe Izagirre (Suhaziak) eta Maider Arizabaleta (Suhaziak) dira ANBOTOren galderei erantzun dietenak.

Aurten Mugimendu Feministak jaurtiko du txupinazoa. Gogotsu zaudete?
Aitziber Ziarreta: Jaietan beti gaude oso gogotsu. Egun horietan plazak eta kaleak hartu izan ditugu, borroka feminista txupinazoan eta jaiegun guztietan zehar presente egon dadin, baina, oraingoan, balkoia ere gurea izango da. Azken urteetan, emakume asko aritu dira gure taldeetan lanean, ahal dutena edo dakitena egiten, bakoitza bere ekarpena eginez borroka feministaren etapa ezberdinetan, grebak antolatzen, argazkilari lanetan, testuak idazten, itzultzen, pankartak margozten, saretze estrategiak asmatzen, formakuntza lanak egiten, erasoak izan direnean erantzuten, emakumeen arazo ezberdinak artatzen, ekimenetako janariak prestatzen, eskaileretatik igotzen gure aldarriak ozen adierazteko… Emakume ezberdin askok lan handia egin dute, belaunaldi ezberdinetakoek, jatorri ezberdinetakoek, eta guztiei aitortza bat ere bada pregoi hau. 

Pregoia prest daukazue?
A.Z: Lau taldek partekatzen dugu aurtengo pregoilari lana, Zornotzako Talde Feministak, M8 Plataformak, Suhaziak neska gazteen taldeak eta Akelarre talde transmaribibolloak. Gure artean bilerak antolatzen ari gara, presa handiz, pregoia ahalik eta arinen adosteko, eta nahiz eta oraindino guztion begiradak jasotzen ari garen, pregoirako prest izango dugu, dudarik barik.

Zein mezu zabaldu gura zenukete jaietara begira?
Libe Izagirre: Antolatuta gaudela eta autodefentsa feministarako prest gaudela erakutsi gura genuke. Zeozer gertatzen bada, lehenengo lerroan egongo garela.
Ane Larrea: Plazera, askatasuna eta begirunea egon daitezela. Jaiak denontzat izan daitezela eta ez bakarrik batzuentzat. Pregoian "askatasun" berba ez da faltako. Beldurrak auzoz aldatu behar duelako. Kaleak eta jaiak gureak direlako.
A. Z.: Jaietan ez goaz gune seguruak sortzera. Herria segurua izan behar da gura duguna gura dugun eran disfrutatzeko.

Lau talde zarete. Zein ibilbide izan duzue zuetariko bakoitzak?
Bego Espiga: Zornotzako talde feminista erreferente izan da militantzian eta iraultzan, bai maila lokalean eta baita Euskal Herrian ere. Eta Akelarre taldea euren elkarlaguntzatik eta militantziatik sortu zen, orain bost bat urte.
Maddi Parra: Gure ustez, beharrezkoa dugu bide komun bat irudikatzea, problematikaren erroa berdina delako. Azken garai honetan, egindako lan guztia kolokan ipintzen ari denez sektore jakin batzuen aldetik, gure esku dago indarrak batzea eta pedagogia feminista hegemonizatzen jarraitzea. Betidanik edan da bertatik, eredutzat baitugu gure militantzian eta harrotasun borrokan. Hala ere, orain, gure kasuan, lanketa eta hausnarketa propiorako beharra ikusten dugu.
A.Z.: Talde Feminista aurreko hamarkadan sortu zen. Aurretik talde feministetan ibilitako emakumeok sortu genuen. Garai batean ezbai batean egon zen eta berraktibatu egin genuen. Euskal Herrian euskarazko talde feminista sortu genuen hasieran. Ekintzak eta formakuntzak antolatzen hasi ginen, baita greba deialdiak egiten ere. Baina zerbait anitzagoa sortzeko beharra ikusi genuen, batez ere Martxoaren 8ko planteamendu zabalagoa egin zenean. Hortik sortu zen M8 plataforma sortzeko asmoa. Aniztasun horretatik, adin eta arraza ezberdinetako emakumeak elkartu eta denok batera hausnarketa egin eta borroka bateratu bat egitea izan zen asmoa.
Ane Larrea: Talde Feministak borroka guztiak hartzen zituen bere gain, eta lan apur bat kendu eta jende gehiagorenaga heltzeko sortu zen M8 plataforma, 2018an. Bete da bere helburua, oso talde anitza da eta.
L. I.: Suhaziak 2020an sortu zen, pandemia garaian. Neska gazte legez ditugun problematikak beste emakumeengandik desberdinak izan daitezke eta gure borroka azaleratu beharko litzatekeela pentsatzen dugu. Egon diren erasoei aurre egiteko, neska gazteen talde bat egotea beharrezkoa zela ikusten genuen. Gainera, entzun genuen beste neska gazteen talde batzuk sortzen ari zirela.
Maider Arizabaleta: Neska gazteen borroketan zentraturiko taldea sortzea izan da helburua. Hala ere, beste taldeen aldarrikapenekin bat egiten dugu, baina guretzat espazioa sortu gura genuen.

Zelako elkarlana duzue?
A.L.: Martxoaren 8an eta Azaroaren 25ean denok elkartzen gara. Erreferentziazko datak dira. San Joan gauean denok elkartu gara.San Joan gauean denontzat gau seguru bat sortzen ahalegintzen gara. 

Jaietan zein ekintzatan parte hartuko duzue?
M.I.: Jaietako zapatu gauean manifestazio bat egiten da urtero. Mobilizazio hori erabiltzen dugu erakusteko antolatuta gaudela eta ez dugula utziko ezelango erasorik gertatzen.

Urtea hasi zenetik, lau emakume hil dituzte. Zein interpretazio egiten duzue?
A.L.: Oso kezkagarria da. Lehenengo eta behin, gizarte lez porrot ikaragarria bizi dugu. Badirudi ez gabiltzala asmatzen edo behar den guztia egiten. Muturreko indarkeria egoera hauen aurrean protokoloek huts egiten dutela ikusteak atsekabetu egiten gaitu eta argi dago oraindino emakumeen biziak ez daukala balio berdina, hil egiten gaituztelako. Eta gizarteak erantzukizuna du horretan. Bestalde, ezin dugu ez ikusiarena egin, diskurtso faxisten zuriketa bat gertatu den neurrian. Emakumeak* eta gure eskubideak jo puntuan daude eta atzerapausoak nabariak dira. Zuriketa minimo bat atzerapauso itzela da, eta oso ondorio kaltegarriak ditu. Beraz, horregaz ere adi ibili behar dugu. Faxistei atetxoa apur bat zabaltzea bakarrik desastre itzela da lorturiko eskubideei dagokienez.
A. Z.: Euskal Herrian lau erailketa egon dira, eta Zornotzan ekainaren hasieran zein egoera bizi izan dugun ere nabarmendu gura nuke. Ekainean, lau eguneko tartean, hiru emakumek erasoak jasan zituzten. Protokoloek huts egiten dute edo ez dira nahikoa. Neurri batean, egoera batzuk normalizatzen ari gara. Normalizatzen ari gara egunerokoan emakumeek eraso matxistak jasatea, eta horretara ohitzen ari gara. Hau normalizatzen badugu, gureak egin du. Ildo horretatik, oso inportantea da Suhaziak taldeak egiten duen manifestazioa autodefentsarako dei eginez. Garrantzitsua da esatea ez dugula eraso gehiagorik onartuko, hemen denok bat garela, eta edozein emakumeri edo edozein pertsonari bere genero identitatea dela-eta eraso egiten dioten momentuan aurrean izango gaituztela eta ez dugula pasatzen utziko.

Jaietarako badago protokolorik aurreikusita? Zelan sortu da?
A.Z.: Protokolo bat sortu genuen orain urte dezente eta herriko eragile, tabernari eta txosnaguneekin partekatu genuen. Bideo bat atera genuen eta bakoitzak bere ekarpena egin zuen. Iaz, lehenengoz, udalagaz bat egin genuen eta bere egin zuen protokolo hori. Iaz, udalak Emagin elkartea kontratatu zuen, jaiegunetan 24 orduko arreta zerbitzua eskaintzeko. Iazko balorazioa izan zen ez zela erasorik gertatu, baina hainbat dei jaso zen. Gainera, iaz alarma egoera batean hasi genuen uda, eraso homofobo, matxista eta faxistak gertatu zirelako. Familiak izan ziren, batez ere, zerbitzua erabili zutenak. Aurten, udalak erabaki du zerbitzu hori uda osoan zehar egotea martxan. Jaiegun zehatzetan puntu moreetan egongo dira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!