Tourra Durangaldean

[EGITARAUA] Zea Mays, Bulego eta kale animazioak Zornotzan, Tourra abiatuko dela ospatzeko

Anboto 2023ko eka. 30a, 12:27

Zornotzako Udalak eta herriko elkarteek egitarau zabala antolatu dute Frantziako Tourraren hirugarren etapa udalerritik hasiko dela ospatzeko. “Tourrak aukera emango digu munduari gure udalerria erakusteko, eta era berean, zornotzarrek egun errepikaezina biziko dugu”, azaldu du Ainhoa Salterain alkateak.

Egunotan nahikoa da Zornotzako kaleetan ibilaldi txiki bat egitea udalerria Tourrari harrera egiteko prest dagoela baieztatzeko. Gure Kirolak eraikinaren ondoko aparkalekua, prest. Ongi eTourri dioen oihal erraldoia, zintzilik. Kaleak eta komertzioetako erakusleihoak, apainduta. Uztailaren 3a ailegatzea eta Zornotza mundu zabalean ezagutzera ematea baino ez da falta. "Astelehena benetan egun historikoa izango da gure udalerriarentzat, Frantziako Tourraren hirugarren etaparen abiapuntu izango baikara. Frantziako Tourra munduko kirol ekitaldi ospetsuenetako bat da. Ohorea eta pribilegioa da lehia honen parte izatea", azaldu du Ainhoa Salterain alkateak goiz honetan. Era berean, Zornotza mundu zabalean ezagutaraziko dela gaineratu du Salterainek: "Ekitaldi honek gure herriaren eta lurraldearen aberastasuna munduari erakusteko aukera emango digu, eta turismoa, gure kultur ondarea eta tokiko ekonomia indartzeko aukera paregabea izango da". 

Gainera, kirol ekitaldi erraldoi hori behar bezalako jaia izan dadin, Udalak eta elkarteek egitarau kulturala antolatu dute. Egun osoko jaia izango da. Goizeko 11:30etatik hasi eta gau partera arte luzatuko dena. Musika kontzertuak eta kale animazio ugari batu dute egitarauan. Alkateak jaian parte hartzera animatu ditu herritarrak: "Bete ditzagun gure kaleak gogoz eta alaitasunez, eman diezaiegun ongietorri beroa txirrindulariei, karabanari eta bisitariei, eta erakuts diezaiogun munduari zornotzarra izatearen harrotasuna. Egun historiko hau gure bihotzetan grabatuta geratzea nahi dut, harrotasun eta lorpen kolektibo gisa, Zornotzarra naiz, eta harro nago izaeraren parte bezala", esan du.

EGITARAUA

  • 11:30-13:30. Umeentzako ekintzak. Zelaieta parkean
  • 11:30. Triki Piu Pand trikitilariak. Gernika plazan eta Zezilia Gallartzagoitian.
  • 12:00. Udazken Txistu Taldea eta Udabarri dantza taldea Euskal Herria plazan, Luis Urrengoetxean eta Harrisonen
  • 12:30etik aurrera. Amorebieta-Etxano Bayonne etapa ikusi ahal izateko pantaila eta txosna Sociedad Ciclista Amorebieta taldearen eskutik. Zelaieta parkean.
  • 13:30. Zornotza Kantuz egitasmoa Elaia, Coral Zornotza, Andra Mari, Xuxurlariak eta Abeskimu herriko koroekin. Euskal Herria plazan, Luis Urrengoetxean eta Harrison tabernan.
  • 16:00. Kaleko musika Urban Cross Music taldearekin. Zezilia Gallartzagoitian, Sabino Aranan eta Urbano Larruzean.
  • 17:00-19:00. Umeentzako ekintzak. Zelaieta parkean.
  • 17:00. Triki Piu Pand trikitilariak Euskal Herria Plazan, Luis Urrengoetxean eta Harrisonen.
  • 17:00. Zornotzako Musika Bandaren emanaldia. Zezilia Gallartzagoitian, Sabino Aranan eta Urbano Larruzean.
  • 18:30. Zea Mays eta Bulego taldeen kontzertuak eta txosnak Urgozo txirrindulari taldearen eta Sociedad Ciclista Amorebietaren eskutik. Zubiondo plazan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!