Uztailaren 7an Alexandru Ionita gaztearen aldeko jai solidarioa egingo dute Zornotzan

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 28a, 10:38
Alexandru Ionitaren aurkako erasoa salatzeko mobilizazioa Zornotzan, 2021eko uztailean.

Baturiko dirua Ionitaren erreabilitazioa ordaintzera bideratuko dute. Familiaren bozeramaileak jakinarazi dutenez, gaztearen osasun bilakaera "hobera egiten dabil, eta jaten hasi da". Ionita Bartzelonan dago, bertako klinika batean tratamendua jasotzen. 

Zornotzako Zubiondo plaza elkartasunez beteko da uztailaren 7an. Herritar talde batek eta hainbat eragilek Alexandru Ionita gaztearen aldeko jai solidarioa antolatu dute. Baturiko dirua gazte lemoarraren erreabilitazio terapiak diruz laguntzera bideratuko dute. "Alexandru erreabilitazio terapia jasotzen hasi da Bartzelonako klinika batean (Herrialde Katalanak). Hobera egiten dabil. Eskuak mugitzen hasi da, jaten hasi da. Esan ziguten sekula ez zuela aurrera egingo, eta hara; hobera egiten dabil", azaldu du Alexandra Buric familiaren bozeramaileak. "Erreabilitazio terapiek 4.500 euro inguruko kostua dute hilero. Gehiago ere bai. Bartzelonako alokairua ordaintzea dela, bertarako joan-etorriak direla... egundoko gastua da", azaldu du. Hori dela eta, erreabilitazioak dakartzan gastuei aurre egitera bideratuko dute datorren zapatuan baturiko dirua. Egun osoko jaia egingo dute Zubiondon, eta zornotzarrak deitu ditu jaian parte hartzera. "Nik uste jai arrakastatsua izango dela. Jendearen ahotan dago jaia, nik uste jendea batuko dela", aurreikusi du familiaren bozeramaileak.

Egitaraua honako hau izango da:

  • 14:00 Amistad tabernako Eluren eskutik paella platerak ipiniko dituzte salgai. Sharky tabernak 250 hot dog eskainiko ditu. Salgai ipiniko dituzte horiek ere. Taloak eta ogitartekoak ere ipiniko dituzte salgai.
  • 17:00 Barbakoa bat egingo dute Mici izeneko jakiarekin, Errumaniako jaki tradizionalarekin.
  • 17:30 Xaboi burbuilen ikuskizuna Tobyren eskutik.
  • 18:30 Zornotzako Magoen Elkarteak magia saioa eskainiko du.
  • 20:00  Zumba klasea Susanaren eskutik. Bukaeran musika egongo da. DJ Fardy eta Petru Onta ibiliko dira jaia girotzen.

Duela bi urte

Alexandru Ionita Lemoako 25 urteko gaztea 2021eko uztailaren 24tik 25era bitarteko gauean jipoitu zuten. Segurtasun Sailaren esanetan, erasoa Jauregibarria inguruan gertatu zen, eta buruan emandako kolpeengaitik konortea galduta eta larriki zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera. Ertzaintzak ikerketa bat ipini zuen martxan gertaturikoa argitzeko, eta ikerketa horren barruan 16 gazte atxilotu zituen. Erdiak adingabeak ziren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!