Tatuajea, musika eta ilustrazioa uztartzen ditu Sendo Tattoo-k.
Bai. Betidanik izan naiz oso musikazalea. Backbone taldean ibilia naiz, eta orain Agur taldeagaz nabil. Musika eta irudia bateratu ditut beti, bai diskoen azalak bai kartelak eginez. Tatuajeen istorioa geroago etorri zen, ilustrazio ikasketak egiten ari nintzela. Ikusmina sortu zidan. Hala ere, oso berandu hasi nintzen nire gorputza tatuatzen, 21 urtegaz. Tatuajeen mundua ezagututa beldurra galtzen duzu. Sendo Tattoo, gura barik, natural sortu den proiektua da. Lagunen diskoak ere baditut hemen, saltzeko. Batzen gaituen gune edo sare bat sortu gura nuke.
Musikari ala tatuatzaile zara gehiago?
Musikazalea naiz (barrez). Musikaria izaten ahalegintzen den tatuatzailea.
Tatuajea eta musika eskutik helduta doaz zuretzat?
Bai. Sendo Tattoo rock and rolla da.
Zelan definituko zenuke zure estiloa?
Etengabe ari naiz bila. Tradizio amerikarraren eragina oso nabaria da, baina ukitu japoniarra, tribala... ematea gustatzen zait, batzuetan puntillismoa ere sartuz. Fusioak egiten ditut askotan, eta diseinu grafikoagaz jolasten naiz irudi berri bat sortzeko, funtsa old school edo tatuaje tradizionala izan arren. Esperimentatzea gustatzen zait.
Zelan egin zenuen salto ilustraziotik tatuajeetara?
Modurik piratenean. Gasteizko Errekaleorren izan nuen lehenengo kontaktua tatuaje makina bategaz. Han bizi zen lagun batek tatuaje bat egingo ote nion galdetu zidan, eta kita zelan muntatzen zen azaldu ondoren egin nion. Oraindino laguna dut! Geroago Bermeoko estudio batean trebatu nintzen. 2018koak dira nire lehenengo flash tattoo-ak.
Jarraitzen duzu ilustrazioagaz?
Bai. Kamisteak, logoak, menu kartak, disko azalak, liburuak... denerik egin dut, tatuajeekin zerikusirik ez duten hainbat estilo landuz. Asko betetzen nau eta horretan jarraitzen dut denbora dudanean.
Tatuajea ondo pentsatu beharreko gauza dela diozu.
Tatuajea betiko da eta zure nortasuna markatzen du. Ez naiz inor ondo edo txarto dagoen esateko, baina ahalegintzen naiz aholkuak ematen. Bezero batzuek argi dute zer gura duten, baina badira apur bat nire esku uzten dutenak, eta elkarregaz lantzen dugu tatuajea.
Egin gura zenukeen tatuaje hori?
Bodysuit eta traje bat.
Gaur egun gatxa da batere tatuajerik ez duen inor aurkitzea.
Bai. Tatuajea azpikultura bat zen eta gaur egun merkatu bihurtu da. Orain, aho biko arma da. Gaur egun oso eskuragarri dago eta baliteke kalte ere egitea; tatuajeak kutsu magiko hori galdu du. Baliteke ni ere arazo horren zati izatea. Baina beti ahalegindu naiz merezi duen moduan egiten tatuajea, aurretik egon direnekiko errespetuz. Gu baino lehenagotik dago tatuajea hemen.