Maria Alarconen kartelak iragarriko ditu Zornotzako jaiak

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 21a, 13:08

Alarcón zornotzarra da eta 24 urte ditu. Arte Ederrak ikasitakoa da.

Zornotzako Udalak eguerdi honetan argitu du zein kartelek iragarriko dituen Karmen eta Santanatxu jaiak. Maria Alarconek irabazi du aurtengo kartel lehiaketa. Marrazketa digitalaren teknika erabilita, jaietako ikurrak diren marmitakoa, danborrada, buruhandiak eta Zor Hontza irudikatu ditu, herriko ikurrak diren patatarekin eta udaletxearekin nahastuta. Ainhoa Salterain alkateak azaldu duenez, "artistaz, diseinatzailez eta argazkilariz" osaturiko epaimahaiak aukeraketa bat egin zuen lehiaketara aurkezturiko kartelen artean. Epaimahai horrek hiru kartel aukeratu zituen. Azkenik, herritarrek hiru diseinu horien artean aukeratu dute kartel irabazlea, boto bidez.  

Alarconek 1.000 euroko saria eskuratu du. Arte Ederrak ikasitakoa da, eta momentu honetan ilustrazio zientifikoari loturiko masterra egiten dabil. Lehenago ere parte hartu izan du beste herri batzuetako jaiak iragartzeko kartelen lehiaketetan, baina honako hau da bere sorterrian irabazten duen lehenengo aldia. Zornotzako Karmen eta Santanatxu jaiak uztailaren 15etik 27ra ospatuko dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!