Ekinek 6,5 milioi euro inbertituko ditu ekoizpena hobetu eta produktu berriak sortzeko

Anboto 2023ko eka. 13a, 09:49

Enpresa zornotzarrak hiru urteko inbertsio plana ipini du martxan. Besteak beste, energiaren, automozioaren eta aeronautikaren arloetan daukan posizioa indartu gura du.

Zornotzako Ekin enpresak inbertsio plan bat hasi du ekoizpena hobetu eta etorkizunari begira produktu berriak sortzeko. I + G + Bren alde egin eta teknologia berriak sartuko ditu, bai materialetan, bai ekoizpen prozesuan. Brotxatzeko eta ijezteko makinen frabrikazioan daukan posizioa finkatzeaz gainera, Ekinek energiaren, automozioaren eta aeronautikaren arloetan hedatu gura du bere eragina. 

Hainbat aurreikuspen

Inbertsio horiei eskerrak arlo aeronautikoko ekoizpena bikoiztu gura dute 1,7 milioi eurotik 3,8 milioi eurotara igarota. Automozioan eta elektromugikortasunean, berriz, %25 igo gura dute ekoizpena. Iaz ekoiztutako 12 milioi euroetatik 15 milioitara igaro gura dute 2025ean. Gaur egun, automobilgintza-jarduerak Ekinen fakturazioaren %75 hartzen du; aeronautika eta energia sektoreek, berriz, % 10, eta elektromugikortasunarenak % 6.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!