Aurten, San Antonioko auzotarrek bultzada berri bat emango diete jaiei. Gazte talde batek erreleboa hartuko dio urte luzez jaiak antolatzen ibilitako taldeari. "Iaz, jaiak antolatzeaz arduratzen zirenek esan zuten utzi egingo zutela, ez zutela jaiak antolatzen gehiago jarraituko. Hori dela eta, aurten 10 bat gazte batu gara jaiak antolatzen", azaldu du Zigor Gerediaga auzotarrak. "Urduri gaude, gure lehenengo urtea da eta", gaineratu du. San Antonioko jaiak lehenengo zein oraingo auzotarrak batzeko aukera paregabea dira. "Egun politak izaten dira. Zapatuko auzo bazkarira adibidez, lehen auzoan bizi zen baina gaur egun kanpoan bizi den jendera etorri ohi da. Auzotar askok elkarrekin egin ohi dute topo jai hauetan", azaldu du Gerediagak. Antolatzaileek auzoko bizilagun guztiek emandako laguntza eskertu dute.
SAN ANTONIO ELGEZABALEKO JAIAK 2023
Ekainak 9, barikua
- 19:30 Jaien hasiera bolandera eta kanpai hotsekin.
- 20:30 Auzo afaria norberak etxetik ekarritakoarekin.
- 21:30 Disko festa.
- 22:00 Mus txapelketa San Antonio Bodegoian. (Izen ematea 21:00-21:30 bitartean. 30 euro bikoteko)
Ekainak 10, zapatua
- 13:30 Poteoa trikitilariekin.
- 15:00 Auzo bazkaria Txantonesan. (Aldez aurretik izena emanda. 30 euro).
- 18:30 Igel txapelketa.
- 19:00 Tortilla txapelketa (bakoitzak bere osagaiak eta tresnak eraman beharko ditu).
- 20:30 Tortillak aurkezteko ordua.
- 21:00 Afaria. Bakoitzak bere tortillak.
- 22:00 Kontzertuak: Bonustrack (Zornotzako punk rock taldea) eta Makis 37 (Elgoibarko punk rock taldea).
- 00:00 DJ Fardy.
Ekainak 11, domeka
- 11:30 Meza. Jarraian, Zornotzako Otxotearen emanaldia.
- 13:00 Luntxa trikitilariekin eta txistulariekin. Ondoren, ardi mozketa erakustaldia eta argazki erraldoia.
- 16:30 Umeentzako puzgarriak eta jolasak.
- 18:00 Txokolatada jaiei amaiera emateko.
Ekainak 13, martitzena
- 18:00 Meza auzoko hildakoen omenez.