32.000 Amorebono, gaurtik aurrera eskuragarri

Anboto 2023ko eka. 1a, 11:20

Amorebonoen kanpaina gaur sartu da indarrean. Zornotzarrek zabalik dute txartelak erosi eta herriko komertzioetan erosketak modu merkeagoan egiteko aukera. Herritar bakoitzak 11 bonu erosi ahalko ditu gehienez. 

Kanpaina gaurtik abenduaren 15era bitartean egongo da indarrean. Oraingoz herriko 70 bat komertziok eman dute izena kanpainan. Ohiko establezimenduez gainera, lehen sektoreko negozioak eta ostalaritzaren sektorekoak ere badaude inskribatuta. Zornotzako Udalak 160.000 euro bideratu ditu egitasmora, eta 32.000 bonu ipini ditu herritarren esku. Zornotzar bakoitzak 11 txartel erosi ahalko ditu gehienez. Lehen sektoreari loturiko bost bonu, eta gainerako sektoreetan baliatzeko 6. Bonu bakoitzak 15 euroko kostua izango du, eta 20 euroko erosketa balioa.

Txartelak lortzeko udaletxeko edo Zelaieta zentroko kutxazain automatikoetara jo beharko da. Udalak azaldu duenez, horretarako ezinbestekoa izango da NAN elektronikoa edukitzea, edo BakQ sistema aktibatuta izatea. Behin eskuratuta, Amorebonoek 2 hilabeteko balioa izango dute, eta epe horretan trukatzen ez diren bonu guztiak zirkulazioan jarriko dira berriz ere, modu progresiboan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!