Azken bultzada, Amorebieta Bigarren Mailara igotzeko ametsa ostera ere bete dadin

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 19a, 13:25

Biharkoa "egun historikoa" izan dadin, Udalbatza osatzen duten kideek Zornotzako kale bazterrak kolore urdinarekin betetzera eta Urritxeko futbol zelaira joatera deitu dute. Txaranga batek herriko kaleak girotuko ditu.

SD Amorebietak Bigarren Mailara igotzeko urrezko aukera bi ditu aurretik. Bihar izango du lehenengo aukera, Urritxe futbol zelaian Tarragonako Nastic taldearen aurka jokatuko duen partidan. Norgehiagoka jokatzeko 24 bat ordu baino gelditzen ez diren honetan, Zornotzako udalbatza osatzen duten kideek agerraldia egin dute Jon Larrea klubeko presidentearekin batera. Andoni Agirrebeitia alkateak argi utzi du Amorebietak denboraldi "ikaragarria" egin duela, eta lorpenok "kasualitatea barik, egindako lanaren emaitza" direla. Biharkoa "egun historikoa" izatea gura du alkateak, eta herritarrak deitu ditu Zornotzako kale bazterrak kolore urdinez bete eta Urritxera joatera.

Bestalde, Jon Larrea presidenteak "oso urduri" dagoela aitortu du, baina argi utzi du herria baturik ikusteak "egundoko poztasuna" sorrarazten diola. "Herritarrak deitu gura urdinez jantzi eta Urritxera etortzera. Egundoko giroa egongo dela uste dugu", azaldu du Larreak.

Animazioak kalean

Amorebietaren igoera egia bihurtzen laguntzeko, Udalak hainbat animazio antolatu ditu. Bihar 11:30-14:30 eta 17:00-19:00 ordutegian, lau futbolin, FIFA jokoarekin prestaturiko bideo-kontsolak, futbol simulagailu eta aurpegiak margotzeko tailerrak egongo dira Arraibi plazan. Bestalde, El Despiste fanfarreak herriko jaleak girotuko ditu 17:30etatik 19:30etara. Amorebietak mailaz igotzea lortuko balu, txarangak Urritxetik herriko plazarako ibilbidea egingo luke. Kasu horretan, Udalak harrera egingo dio SD Amorebietari udaletxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!