Pedro Iparragirre zornotzarrak gerra zibilean hildako herrikideak omenduko ditu domekan

Anboto 2023ko mai. 20a, 10:00

Miren Andone Zarandonak egin zuen iazko lore eskaintza. 5 urte zituen frankistek herria hartu zutenean.

1937ko maiatzaren 18an tropa frankistek Amorebieta eta Etxano hartu zituzten. Data horretatik 86 urte igaro direla kontuan hartuta, Zornoza Kultura eta Arte Elkarteak oroimen ekitaldia antolatu du.

Aurten, Pedro Iparragirre Etxebarria zornotzarrak izango du lore eskaintza egiteko ardura. "Iparragirrek 6 urte zituen Amorebieta eta Etxano bonbardatu zituztenean. Gerran bizirik iraun zuen umeetariko bat da. Zornotzatik alde egin eta inguruko herrietan hartu zuen babesa", azaldu du Zornoza elkarteko kide Kepa Jon Aranak. Gogora Institutuaren bonbardaketen atlasak jasotzen duenez, frankistek 24 bider bonbardatu zuten Zornotza. Erasoetan Italiako eta Alemaniako hegazkinek parte hartu zuten.

Ekitaldia domekan egingo dute, 12:00etan, Zelaieta parkean. Alaiak eta Zornoza abesbatzek, Udabarri dantza taldeak, Udazken txistulari taldeak, eta Gogora Institutuko Aintzane Ezenarro zuzendariak parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!