Amorebietak etxean ospatu lezake Bigarren Mailarako igoera, zapatuan

Joseba Derteano 2023ko mai. 19a, 13:40
Argazkia: MARIELI OVIEDO

Joan zen asteburuan ez bezala, oraingoan Amorebieta futbol taldeak bere esku du Bigarren Mailara igotzea. Ez dago besteen emaitzen menpe. Irabazten badu, seguru igoko da. Berdinketak eta porrotak ere balio diezaiokete, baina kasu bi horietan Eldenseren emaitzaren araberakoa izango da. Liga amaitzeko jardunaldi bi falta direnean, lau puntuko aldea dago talde bien artean.

Partidu erabakior hori zapatuan jokatu dute, Urritxen, 19:30ean, Gimnastic de Tarragona taldearen aurka. Zornotzako futbol zelaia lepo beteko da. Klubak martitzen eguerdian iragarri zuen sarrera guztiak agortuta daudela. 

Tarragonako taldea jokoan ezer gutxi duela etorriko da Zornotzara. Joan zen asteburuan, 1-0 menderatu zuten Cornellá eta orain sei puntura du jaitsiera. Ez da behar larrian dagoen taldea.

Amorebieta sasoi betean heldu da azken txanpara. Liga hasiera eskasa egin ostean, azken 26 partiduetan hamasei garaipen eta zortzi berdinketa pilatu ditu. Azkenengo berdinketa joan zen asteburukoa da, SD Logroñesen zelaian lorturikoa. Haritz Mugikak entrenaturiko gizonek markagailuan aurreratzea lortu zuten, Ewan Urain durangarraren gol bati eskerrak, eta hogei minutu baino gehiagoan Bigarren Mailako taldea izan ziren, baina Logroñesek berdinketaren gola sartu zuen luzapenean.

Bihar igoera lortu ezik azkenengo bala bat geratuko zaio Amorebietari. Maiatzaren 27an, dagoeneko maila galduta dagoen Athletic B-ren kontra jokatuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!