Keloniak itsasora heltzeko biziko duen abentura, Zornotza Aretoan

Anboto 2023ko mai. 18a, 12:05

Zapatuan izango da 'Kelonia eta Itsasoa' antzezlanaren emanaldia, 17:30ean. 

Kelonia eta itsasoa obrako protagonista dortoka txiki bat da, hondartzan jaio ostean hiriko oihanean murgilduko dena itsasora joan aurretik. "Istorio samurra eta dibertigarria da, zuzeneko musikagaz eta objektuen bidezko antzerkiaren bitartez kontatua", azaldu dute Gorakada konpainiako kideek. Nerea Ariznabarreta aktore eibartarra da obrako protagonista, eta Maider Lopez durangarra arduratu da zuzeneko musikaz; Idoia Barcelo berriztarrak itzuli du. Familia osoarentzako ikuskizuna da Kelonia eta Itsasoa, eta, hain zuzen ere, konpainia pozik dago antzerkizaleen adin tartea zabaltzeko hartzen ari den beharragaz. "Lanek geruza desberdinak dituzte, publiko desberdinak gozatu ahal izateko". Ideiaren jatorria Herrialde Katalanetan dagoela azpimarratu du Alex Díaz zuzendariak. 

Urtarrilean Elorrion estreinatu ostean, hainbat emanaldi egin dute, eta, oraingo honetan, Zornotza Aretoan emango dute; aurretik, Durangon eta Berrizen eman dute obra. Estreinaldia ez ezik, Gorakada konpainiako kideek Elorrioko Arriolan egin zituzten estreinaldiaren aurreko entsegu lanak ere.

1987tik martxan
Gorakada konpainia historikoa da Euskal Herrian; 1987an sortu zenetik, erreferentziazkoa bihurtu da eta publiko gazteagazko konpromisoa azpimarratu dute hasieratik. Azken sasoian, Ulisesen bidaia, Pinocchio eta Zuhaitzak landatzen zituen gizona lanak aurkeztu dituzte; azken honengaitik dramaturgiarik onenaren Feten saria jaso zuten iaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!