Artez Hobe antzerki konpainia zornotzarrak (El)BION(m)BO(A) antzezlanaren beste emanaldi bat egingo du Zornotzan, asteburuan; iaz estreinatu zuten lana. Larraitz Garciak idatzi eta zuzendu du obra, eta bertan 70 urteko gizon bat da protagonista: Angel (Xabier Goitiandia); bizitza osoa modu batera bizitzen egon ostean, nahikoa dela erabaki eta benetan gura duen moduan bizitzen hasteko ordua dela erabakitzen du. Goitiandiagaz batera, Amagoia Azkona eta Lolin Goitiandia igoko dira taula gainera. Garciak, aurretik, Amaren eskuak antzezlana prestatu zuen; ordukoan ez bezala, oraingoan euskara, gaztelania eta frantsesa uztartu ditu antzezlanean. "Nire ustetan, hizkuntza arteko jauziak nahiko ohikoak dira; hori horrela izanda, Euskal Herriko errealitatea islatuko dela uste dut", azaldu du zuzendariak. Antzezlan laburra izan behar zuen (El)BION(m)BO(A)-k, baina antzezlan luzea egitea erabaki zuen azkenean.