Urtero legez, Santi Kurutz ermitaren inguruak musikaz eta lagunarteko giroaz beteko dira, memoria historikoa aldarrikatzeko. Aurten, Patxi Jaka Bikandi gudaria omenduko dute, Eusko Gudarosteagaz tropa frankisten kontra borrokatu zen miliziano zornotzarra. 1937an galdu zen bere arrastoa, Fikako familia baten testigantzari eskerrak 2019an haren gorpuzkiak agertu ziren arte. Aranzadi Zientzia Elkarteak egin zituen identifikazio lanak, Gogoraren bitartekaritzari eskerrak. Jaka Zabalbide batailoiko kide izan zen eta borrokan zebilela galdu zuen bizia. Haren familiako kideak Bizkargin egingo den omenaldian egongo dira. Ekitaldia 12:30ean izango da.
Egitarauak hainbat atal izango du. 11:00etan, Soinu Txikie taldekoak giroa animatzen hasiko dira. Etxanoko Nagusiari ongietorria egin eta txuzoa sartuko dute gero. Ekitaldiaren ondoren, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Xabier Arriaga 'Txiplas' bertsotan arituko dira. 12:50ean, Aiko taldearen erromeria eta Eneko Larruzearen kantaldia izango dituzte. Antolatzaileek txosna bat egongo dela iragarri dute.
Ernaik ere bat egin du Bizkargi Egunagaz. Gazteek 9:45ean hasiko dute Bizkargirako igoera, Pike parketik. Ekitaldia, bazkaria, jokoak, bertsolariak eta kontzertuak antolatu dituzte.