Zornotza Saskibaloi Taldeak Urrezko Ligarako final zortzirenetako itzulerako partidua jokatu zuen zapatuan Larrean, Cartagena taldearen aurka. Joanekoan puntu bigatik galduta, gutxienez hiru puntuko aldearekin irabaztera behartuta zeuden Mikel Garitaonandiaren gizonak eta horixe da egin zutena: 76-73.
Cartagena gehiago izan zen partiduko zati askotan eta hamar puntuko abantaila ere izan zuen uneren batean, baina Larrea balentria sinestezinak ikustera ohituta dago azken urteetan eta zapatukoa horren adibide izan zen.
Minutu biren faltan Teknei Zornotza lau puntu behetik zegoen: 65-69. Orduan Iker Salazarrek puntu bira jaitsi zuen aldea Charles Minlenden asistentzia bat aprobetxatuta. Hurrengo jokaldian, Cartagenak puntu bat sartu zuen falta pertsonal baten bidez: 67-70, 1:16ren faltan. Ondoren, jokaldi azkar batean, Minlendek sekulako hirukoa sartu zuen aurkaria gain-gainean zeukala: 70-70, eta Larrea bete zuten zaleak zoratu beharrean.
Markagailu horrekin heldu ziren azken hamar segundoetara. Zornotzak puntu bi behar zituen kanporaketa berdintzeko, baina horren ordez Cartagenak aldea areagotu zuen: 70-72. Zortzi segundoren faltan, kanporaketak galduta zirudienean, Alberto Cabrerak bere talentu osoa atera zuen aurkaria muturren aurrean zeukala hiruko harrigarri bat sartzeko: 73-72, eta zaleak zutik.
Lau segundoren faltan Zornotzak falta azkar bat egin eta Cartagenak puntu bakarra sartu zuen: 73-73. Berriro Cabrerak hartu zuen baloia, kantxa azkar zeharkatu eta hirukoa jaurti zuen aurkari bi gainean zituela. Ez zen barrura joan, baina epaileak falta pertsonala adierazi zuen; aurkari batek Cabrerari egindakoa jaurtitzera zihoala. 24 urteko tenerifearrak hiru jaurtiketak asmatu zituen odol hotzarekin. 0,3 segundoren faltan, Cartagenak apenas izan zuen baloia jokoan jartzeko astirik. Zoramena lehertu zen harmailetan eta zoramena kantxan, Zornotzako jokalarien artean.
Azken segundoko faltaren polemika
Mikel Garitaonandiak jokalariak zoriondu zituen jokatutako partiduagatik. “Bukaerara arte sinestu egin dute”. Hala ere, kanporaketa oro har hartuta, Cartagena “hobea” izan zela onartu zuen. Cartagenarrak haserre zeuden azken segundoan adierazitako faltagatik eta jokaldi horren inguruan honakoa adierazi zuen entrenatzaile zornotzarrak. “Epaileak erabaki du falta izan dela. Nik ez dakit falta izan den ala ez, ez naiz horretan sartuko. Egia da orokorrean falta hauek ez direla adierazten, baina, tira, Albertok hiru puntuak sartu ditu. Zorionak Cartagenari egin duen kanporaketagatik eta gu, bada, aurrera begira”.
Cartagenako entrenatzaile Gustavo Aranzana, berriz, oso haserre agertu zen mikrofonoen aurrean. “Ilusioa kendu digute. Adierazi den falta lotsagarria izan da”, salatu zuen partidua amaitu eta lasterrera bero-beroan egindako adierazpenetan.
Teknei Zornotzak Basket Navarra taldearen kontra jokatuko du Igoera Faseko final laurdenetan. Joaneko neurketa datorren zapatuan (apirilak 29) jokatuko dute Nafarroan.