Larrea Herri Ikastetxeak, Larrea Eskolako Guraso Elkarteak, Andramari ikastolak eta Larreako auzotar batzuek alegazioak aurkeztu dizkiote Hiri Antolamedurako Plan Orokorrari. Testu berriaren kontra daude, planak Boroa eta Larrea lotzeko errepide eta biribilgune berri bana eraikitzea aurreikusten duelako, eta horrek auzoan eragin dezakeelako. "Errepide berriak eta bere lotura-biribilguneak ibilgailuen mugimendua areagotzea besterik ez dute eragiten, zarata eta eragozpenekin, lehendik zeuden etxebizitzetatik eta ikastetxeetatik oso gertu", adierazi dute hedabideetara bidalitako oharrean. Eragileen arabera, Zornotzako Udalak errepide berri bat egiteko asmoa du Larreako tirolina dagoen lekutik hasi eta Larra Bideko 15. zenbakiko etxebizitza aldera eginda.
Trafikoaren areagotzeaz gainera, ikastetxeak, eskolako guraso elkarteak eta bizilagun batzuek beste hainbat puntutan agertu dute desadostasuna. Batetik, proiektuak Larrea Herri Ikastetxearen patioari eragiten diolako. "Proposatutako errepideak patioaren zati bat kentzen dio Larrea Herri Ikastetxeari, eta, trukean, nekez aprobetxa daitekeen lur aldapatsu bat eman gura digute ibaiaren ondoan", diote. Bestetik, biribilguneak tirolina parkeko tamaina handiko zuhaitzak eta aparkalekuak "kendu" egingo dituela, eta Andramari ikastolako ikasleentzat, bizilagunentzat eta ibiltarientzat "oztopoa" ekarriko duela gaineratu dute. "Erabiltzaileek behar dutena udalerriaren gainerakoarekin lotzeko alternatiba bat da; ez industrialde baterako irteera bat", iritzi diote eragileek.
Alegazioak iazko abenduan aurkeztu zituzten. Orain, ikastetxeak, guraso elkartea eta auzotarrak Udalak erantzun bat noiz emango itxaroten daude. "Ez dugu baztertzen ahotsa altxatzea, laster aukeratu behar dugun gobernu-taldeak Zornotzako herritar askoren iritziak kontuan har ditzan", ohartarazi dute.