Lehiaketarako kartelek ondorengo testua jaso beharko dute: ‘Amorebieta Etxanoko jaiak 2023. Karmenak eta Santanatxu. Uztailak 15-27’. Testuaren kokapena eta estiloa librea izango da. Horrekin batera, ezinbestekoa izango da ‘Zorhontza’ pertsonaia azaltzea ere. Pertsonaia horrez gain, besteren bat irudikatuz gero, egileak horretarako eskubideak izan beharko ditu. Lanek ezingo dute egilearen izena edo bestelako daturik toki ikusgarrian jaso eta proiektua egiteko erabiltzen diren irudi edota testuak egokiak izan beharko dute genero berdintasunari dagokionean.
Lanak noiz eta nola aurkeztu
Kartel lehiaketako proiektuak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira Zelaieta Zentroan, beranduenen, maiatzaren 12rako (eguerdiko 14:00ak arte). Horrekin batera, partaide bakoitzaren datuak gutun azal itxi batean jarri behar dira; izena, bi abizen, helbidea eta harremanetarako telefono zenbakia.
Bozketa publikoa
Behin lan guztiak jasota, Jai Batzordeak izendatutako epaimahaiak gutxienez 3 eta gehienera 6 kartel aukeratuko ditu. Epaimahaia artista, diseinatzaile, argazkilari edo arte, kultura eta komunikazio arloko 3 kidez osatuta egongo da.
Lan horiek, bozketa publikora pasako dira ondoren. Hori horrela, zornotzarrek epaimahaiak aurrez aukeratutako lanen artean jaietako kartelerako irudi moduan gustukoena dutena bozkatu ahal izango dute. Bozketa ekainaren 5etik 9ra bitartean egingo da udal webgunean eta Zelaieta zentroan jarriko diren hautestontzien bitartez. Online jasotako botoak puntuazio osoaren %40 izango dira eta hautestontzietan jasotakoak, aldiz, %60.
Boto gehien jasotzen dituen irudia izango da irabazlea eta, horrenbestez, 2023ko Amorebieta-Etxanoko jaien irudia. Sariduna ekainaren 21ean aurkeztuko da eguerdiko 12:00etan Zelaieta zentroan lehenbizi eta udal webgunean, ondoren. Bere lana jaietako irudi moduan erabiltzeaz haratago, irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du.
Informazio gehiago nahi duenak Zelaieta Zentrora jo dezake, astelehenetik ostiralera 8:30-21:30 bitartean, 946 30 06 50 telefonora deituz edo zelaieta@amorebieta.eus-era idatziz.