Zornotzako Zelaieta zentroak bi erakusketa berri hartuko ditu apirilean: eskulturara instalazioa bat eta argazkiekin osatutakoa erakusketa. "Biek ala biek, modu desberdinean bada ere, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak islatzen dituzte, egungo gizarteak bakoitzari egozten dizkion rolak salatuz eta gizarte berdinzaleago bat aldarrikatuz", udal ordezkariek azaldu dutenez.
Apirilaren 11tik 25era bitartean egongo da ikusgai ‘Gizonak Berdintasunerantz eta Maskulinitate Berriak. Jendarte berri baten aldeko irudi berriak’ argazki erakusketa (Piper txuriak berdintasunaren aldeko gizon taldea). "Irudien bitartez, maskulinitate tradizional patriarkal eta hegemonikoari ez dagozkion rol eta jokabideak jasotzen dira, maskulinitate berdinzalea erakusteko", azaldu dutenez. "Funtsean, gaur egun ‘maskulinitate berri’ gisa deritzona edo maskulinitate ez patriarkalaren ezaugarriak jasotzen dituen erakusketa da", gaineratu dutenez.
Gainera, hilaren 18an eta 25ean, ‘Maskulinitate berriak’, herriko gizonei zuzenduriko maskulinotasunaren inguruko hausnarketa saioak egingo dira, 18:00etatik 20:00etara.
Eskultura
‘Inoiz haragi zati bat bezala sentitu zara?’ eskultura instalazioa, apirilaren 12tik 30era egongo da ikusgai. Maria Alarcon eta Alexia Randezen erakusketa honek "emea jaiotzeak egungo gizartean eragiten dituen baldintzei egiten die erreferentzia, emakumearen sexualizazioa edota eme ororen esplotazioa kritikatuz", azaldu dutenez.