Zornotzako Ekin enpresak 60 urteko ibilbidea beteko du ekainean, eta ospakizunak abiatzeko, horma irudi berezi bat egin dute. Martzel Do Nascimento 'Martz' artista zornotzarrak enpresaren ibilbide historikoa jasotzen duen horma irudi erraldoia egin du lantegiko fatxadan. Irudia 80 metro luze eta 5 metro zabal da. Artistak duela aste bi ekin zien margoketa lanei, eta goiz honetan eman dizkio azken ukituak. "Joan zen astelehenean hasi nintzen margoketa lanekin, baina prozesua atzeragotik dator. Kooperatibako kideekin landu nuen bozetoa, lekuan bertan hainbat aldaketa egin ditut,... urteurren bat ospatzeko murala da. Enpresako kideek esan zidaten langileak agertzea gura zutela. Batu ginen, eta 60 urte hauetako momenturik esanguratsuenak zeintzuk ziren identifikatu genuen", azaldu du 'Martz' artistak. "Horrelako lan bat ez da egunerokoa, esango nuke bezero berezi batentzako egin dudala lan", gaineratu du.
Artistak irudi bidez kontaturiko historia, berbaz kontatu du Ekin kooperatibako Goretti Frias presidenteak. "Ilusio handiarekin gabiltza 60. urteurren hau ospatzen. Ekin Zornotzako 8 herritarrek sortu zuten 1963an. Eta gaur egun 4 ekoizpen lantegi ditugu. Lemoan, Indian, Zornotzan eta Queretaron (Mexiko). Gaur egun 280 langile gaude lau zentroetan. Zornotzan eta Lemoan, 180", azaldu du. 60 urte hauetan enpresak testuinguru ekonomiko eta laboralera egokitzen asmatu du, eta horren erakusgarri da Ekinek ekoizpena dibertsifikatzeko egindako lana. "Gaur egun lau sektoretan gabiltza lanean. Automozioa, aeronautika, energia eta elektromugikortasuna. Hasieran, fresadorak egiten genituen. Mozketa bereziak egiteko brotxak, automozioari begirakoak. Baina sektoreak dibertsifikatzen ibili gara. Makina laminatzaileak, brotxaketak, egiten ditugu", azaldu du.
Ospakizun betean
Do Nascimento artistaren horma irudia ekainaren 17an etorriko denaren aurrerapena baino ez da. Izan ere, Ekinek egun horretan ospatuko du bere 60. urteurren handia. Zerbait berezia prestatu dute. Ate irekien jardunaldia egingo dute langileen senide eta gertukoek, bezeroek zein hornitzaileek enpresa ezagutu dezaten. Giro goxoan igaro gura dute eguna, eta familia osoari begirako ekintzak egingo dituztela aurreratu du. Gainera, Fríasek adierazi du luntx bat ere egingo dutela. Dena den, apirilean ere izango dute zer ospatu. Itzuliaren 5. etapak Ekin enpresatik bertatik irtengo du eta Zornotzako erdigunean izango du bukaera.