Amorebonoen kanpaina 22.000 txartelekin bueltatuko da ekainean

Anboto 2023ko mar. 30a, 12:02

Aurtengo kanpaina ekainaren 1etik abenduaren 15era egongo da indarrean. Establezimenduek apirilaren 17tik aurrera eman ahalko dute izena egitasmoan.

Zornotzako Udalak Amorebonoen kanpaina berriari buruzko nondik norakoak argitu ditu gaur egindako agerraldian. Aurtengo kanpaina ekainaren 1ean hasi eta abenduaren 15ean amaituko da. Tarte horretan, 22.000 txartel ipiniko dituzte zirkulazioan. Ohi bezala 15 euroko balioa duten bonuak kaleratuko dituzte. Erosleek herriko komertzioetan erabili ahalko dituzte, 20 euroko erosketa egiteko. Andoni Agirrebeitia alkateak aurreikusi du 160.000 euroko inbertsioa eginda, kanpainak 700.000 eurora arteko eragin ekonomikoa izango duela herriko komertzioetan. 

"Zornotzar bakoitzak 11 bonu erosi ahal izango ditu gehienez", azaldu du Esti Martiartu Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak. "Lehenengo sektoreari loturiko establezimenduetan erabiltzeko bost, eta gainerako komertzioetan erabiltzeko beste sei", azaldu du. Bonuek hilabete biko iraungitze data izango dute. Hau da, txartela erosten duenak ez baldin badu tarte horretan komertzioren batean bonua trukatzen, ostera ere ipiniko da zirkulazioan. Zehaztasun horrek badu eragina. "Lehendabiziko urteetan zirkulazioan ipintzen ziren bonuen %84 agortzen zen. Iraungitze data ipini genuenean kopuru hori handitu egin zen", azaldu dute udal arduradunek. Iaz, adibidez, ia bonu guztiak agortu ziren. Txartelen %97 erabili zen Zornotzako komertzioetan.

Egitasmo honetan Dendariak eta Iraunkor elkarteek parte hartzen dute. Kanpainara atxiki gura duten establezimenduek apirilaren 17tik aurrera izango dute inskripzio epea zabalik. Herritarrek Zelaieta zentroko eta udaletxeko kutxazainetan eskuratu ahalko dituzte txartelak ekainaren 1etik aurrera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!