Zornotzako Jan Alai pintxo lehiaketa ekainaren hasieran bueltatuko da tabernetara

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 23a, 12:31
Iazko urrian jokaturiko txapelketaren irudi bat. Kuadrilla bat, Venecia kafetegiko pintxoa dastatzen.

Lehiaketaren hamargarren edizioa izango da aurtengoa, eta ekainaren 1etik 4ra bitartean jokatuko da. 1.000 euroko sariak, 500 eurokoak, Iraunkor elkartearen otzarak eta Dendariak elkartearen tartera-ontziak egongo dira jokoan. Berritasun bat ere iragarri dute: aurten pintxoak doan dastatzeko tartea ere egongo da.

Hasia da atzera kontaketa. Zornotzan jada tradizio bihurtu den pintxo lehiaketa ekaineko lehenengo asteburuan jokatuko da. Sari ugari egongo da jokoan. Epaimahai tekniko batek halantxik erabakita, pintxorik onena prestatzen duen tabernariak 1.000 euro irabaziko ditu. Bezeroen kasuan, ere, antzeko. Kontsumitzaileek pintxorik herrikoiena zein den aukeratuko dute boto bidez. Taberna irabazleak beste 1.000 euro irabaziko ditu. Ostalaririk profesionalena zein den ere boto bidez aukeratuko dute bezeroek. Onuradunak 250 euro eskuratuko ditu. Azkenik, Zornotzako Dendariak eta Iraunkor elkarteek sari berezi bi eskainiko dituzte. Lehenengoak tartera-ontzi batzuk zozkatuko ditu bezeroen artean, eta, bigarrenak, 3 produktu-otzara. Bezeroek ezinbesteko baldintza bat bete beharko dute botoak eman ahal izateko. Lehiaketan definituriko eremu bakoitzean, gutxienez hiru tabernatako pintxoak dastatzea.

Berritasun bat, hamargarren edizioa dela ospatzeko

Esti Martiartu Sustapen eta Enplegu zinegotziak aurreratu du aurtengo edizioan berrikuntza bat egongo dela, pintxo lehiaketaren hamargarren edizioa dela ospatzeko. Oraingoz ez ditu xehetasun guztiak eman, baina iragarri du herritarrek pintxoak debalde dastatzeko aukera izango dutela. Horretarako, "adi" egon beharko dela esan du. "Kale animazio batek egitasmoan parte hartuko duten tabernak" bisitatuko dituela eta, tarte horretan egongo da pintxoa debalde jateko aukera. Bestalde, Andoni Agirrebeitia alkateak adierazi du Jan Alai pintxo lehiaketa aukera aproposa dela "lagunartean batu, kaleko giroan egon, aspaldiko lagunak ikusi eta sarri bisitatzen ez diren tabernetara joateko". Alkateak ostalariek egiten duten lana aipatu du, "herriari balioa ematen diotelako".

Iazko pintxo lehiaketa udazken partean jokatu zen. 16 taberna lehiatu ziren. Singin' Munch eta El Cojo establezimenduek irabazi zuten pintxorik onenaren saria eta bezeroen saria. Leku Berri tabernako Kontxi Gisasola izan zen zerbitzaririk profesionalenaren saria eskuratu zuena. Aurtengo edizioan, udalak parte hartzea handitu gura du, izurriaren aurreko 30 bat parte hartzailerengana ailegatuta.

Udal ordezkariak, iazko txapelketako irabazleak eta Iraunkor eta Dendariak elkarteetako kideak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!